Erabakitzeko eskubidearen aldeko hamaika hitzordu izango dira datozen hilabeteetan Araban. Maiatzaren 6an, esaterako, 31.500 arabar daude deituta zazpi herritan egingo den herri galdeketarako, eta ekainaren 10ean giza-kate erraldoi batek elkartuko ditu Donostia eta Gasteiz.
Giza-kate erraldoi bat da apustua ekainaren 10erako. Zergatik?
Ikusten ari gara aro berri bat hasi behar dugula Euskal Herrian, eta erabakitzeko eskubidea protagonista izan behar da garai berri horretan. Autogobernuaren inguruko lantaldea dago Eusko Legebiltzarrean, eta horietan erabakitzeko eskubidea ere presente egotea nahi dugu. Ez dugu fokua horretan jarri nahi bakarrik, halere. Uste dugu herri moduan erabakitzeko eskubiderako aurrerapausoak emateko momentua iritsi dela, eta horregatik egin nahi dugu giza-katea, guztion artean, herritarrok loturik hori aldarrikatzeko. Gasteizko katearen berri, hain zuzen, larunbatean emango dugu, 13:00etan, Goiuri jauregian egingo dugun ekitaldian.
Betetzen ari al da kate hori? Nolako parte-hartzea izaten ari da?
Egia da pixka bat apalduta dagoela giroa, baina uste dut hasiko dela jendea saretzen. Herriaren arabera parte-hartze desberdina izaten ari da, baina giza-katearekin talde pilo bat sortu dira herri askotan. Lautadan, Arabako Errioxan... ez zegoen talderik aurretik edo berreskuratu egin dituzte. Eta kontsulta prestatzen ari diren herrietan, noski, lantaldeak daude eta kateari begira ere beste bultzada bat emango diote.
Giza-kateaz haragoko pausoak eman daitezke?
Nik uste Euskal Herri mailan beharrezkoa dela mobilizazio bat, hain zuzen ere hori delako tresna, nahi duguna eskatzeko kalera ateratzea. Beste zerbait bultzatzeko ez dut irudikatzen mobilizazio handi bat baino eraginkorragorik. Izan zitekeen beste mobilizazio bat, baina helburua kalera irtetzea da, eta uste dut 150.000 laguneko aldarrikapen batek pisua duela. Bestetik, Euskal Herriko erabakiguneetara eramateko Herritarron Ituna prestatzen ari gara, herritarron borondatea oinarri izango duen dokumentua.
Katean parte hartu nahi dutenek nora jo behar dute?
Izena eman daiteke Gure Esku Dagok herriz herri dituen lantaldeetan edo gizakatea.eus webgunean bertan. Laster, gainera, egoitza bat irekiko dugu Gasteizen (Aiztogile kalean) eta hor ere izena eman ahal izango da. Hainbat kilometro zailagoak dira, eta laguntza beharko da; Arakaldok, esaterako, 150 biztanle ditu eta kilometro bat dute betetzeko, beraz, beste lekuetako lagunak beharko dira. Hainbat eragilerekin elkartu gara, eta orokorrean harrera ona izan du ekinaldiak.
Gasteizen, momentuz, herri kontsulta ez egiteko erabakia hartu zen.
Aldeko eta kontrako iritziak izan ziren batzar irekian. Batzuek uste zuten ez zela momentu politiko egokia kontsulta egiteko, eta beste batzuek penaz hartu zuten erabakia. Dena den, hori herritarrek erabakiko dute, eta beti izango da aukera, nork daki, beharbada bi urte barru egiteko, nahiz eta hauteskunde zikloa ez den momenturik onena horretarako.
*Gasteizko GEDk giza-katearen aurkezpena egingo du larunbatean, hilaren 14an. Bertan parte hartuko du GEDen bozeramaile Zelai Nikolasek, besteak beste. Larunbatean, 13.00etan, Goiuri jauregian.