"Aukera dago hizkuntza gutxituak biziberritzeko"

Saioa Fdz.de Aranguiz, Eider Villa, Marta Ugarte 2018ko api. 16a, 08:00
Beñat Garaio HIGA! ekimeneko arduraduna/ Saioa Fernandez de Arangiz

Hirurogeita hamar hizkuntza ekintzaile elkarrekin harremanetan jarri nahi ditu HIGA! topaketak. Beñat Garaio da ekimenaren antolatzailea, eta ALEA FMn elkarrizketatu dute.

Zergatik halako topaketa batzuk Gasteizen? 

HIGA sortu zen euskararen eta Europako gazteen harremanak sustatzeko ideiatik, eta helburua da munduko hizkuntza gutxituetako hiztun gazteekin harreman sareak sustatzea.

Zergatik da garrantzitsua gazteen papera hizkuntza gutxituetan? 

Gaizki dago guk esatea, baina gu gara etorkizuna! Hizkuntza gutxitu asko bere komunitatean isolatuta bizi dira eta ikusten dutenean ehun kilometrora bizi den komunitate bat antzeko egoeran dagoela eta antzeko borrokak eta indarguneak dituztela autoestimua igotzen da. Esperientziak trukatzen hasten direnean, orduan ikusiko dute benetan aukera dagoela gutxitutako hizkuntza horiei biziberritzeko bide bat eskaintzeko. Horregatik, funtsezkoak dira harremanetarako tarte hauek, eta horretarako HIGA! antolatu dugu.

Zenbat hizkuntza eta zenbat gazte elkartuko dira?

Dena ondo badoa, berrogeita hamar gazte atzerritarrak izango dira, eta hogei euskal herritarrak, horietatik hamar bat arabarrak. Orain hasi dira izena ematen atzerriko berrogeita hamar gazteak; aurreratu dezakegu galiziarrak, asturiarrak, aragoiarrak eta katalanak egongo direla, baina baita Poloniako silesiarra, betiko galesen hiztunak eta gaeliko hiztunak. Espero dugu ahalik eta hizkuntza gehien egotea orduan ikasiko dugulako besteen egoeratik.

Munduko topaketa bat antolatzea konplikatua da, ezta?

Ez da erraza, ez; egin dugun bideoan gure filosofia islatzen da. Oso hizkuntza eta gazte ezberdinak dira, baina komunean zerbait daukate. Behin gazteak izena ematen dutenean, uztailaren 16tik 19ra elkarrengandik hurbil egoteko aitzakia bat izango dute.

Zer egingo dute topaketan parte hartuko duten gazteek?

HIGA! antolatzen dute Gasteizko Udalaren Gazteria zerbitzuak eta Euskara zerbitzuak, baina ezinbesteko hainbat laguntzaile izan ditugu; alde batetik Arabako Foru Aldundia dugu, eta bestetik Oihaneder eta Euskal Herriko Unibertsitatea. Adibidez, EHUk ahalbidetu digu udako ikastaro ofiziala izatea; hortaz, goizetan formakuntza saioak egingo dituzte, eta arratsaldetan, berriz, Oihanederren ekitaldi kulturalak: kontzertuak, dantza emanaldiak, bisita gidatuak eta bestelakoak. 

Nola sortu duzue gazteen sarea? Batzorde akademiko bat ere badugu, eta hor daude Garabide, Munduko Hizkuntza Gutxituen Unesco Katedra, Soziolinguistika Klusterra, Kontseilua eta Londresko Soaz Unibertsitatea. Haiek kontaktu asko dituzte atzerrian, eta hizkuntzak biziberritzeko esperientziak trukatuz harremanak sortu dituzte. Sare hori aktibatu dute gu laguntzeko, eta HIGA sustatu dute, eta horri esker izen-emate asko jasotzen ari gara lehenengo aste hauetan.

Zein hizkuntza erabiliko duzue elkar komunikatzeko?

Hitzaldiak euskaraz izango dira, eta aldibereko itzulpena ingelesera izango dute. Baten batek ez badu ingelesa ezagutzen beste itzulpen modu alternatiboren aldeko apustua egingo dugu; itzulpen zuzena eta gertukoa izango da.

Zer prestatu duzue aisialdi tarteetarako? 

Hitzaldiak praktikoak dira, tailerrak batik bat, eta egunero hausnarketa dinamika bat egingo da. Lau eguneko esperientziaren ostean espero dugu haien albokoaren hizkuntzaren egoeraz ezagutza sendo bat edukitzea, arazoak eta indarguneak identifikatzea. Guzti hori modu esanguratsu, eraikitzaile eta dibertigarrian egin nahi dugu. Lehenengo eguneko arratsaldean, adibidez, Alide Sansen kontzertu bat egingo da, Alide Aran ibarreko musikaria da, runba katalana eta reggae jotzen ditu eta izugarrizko indarra dauka. Bide Lapurrak taldearen kontzertua, eta dantza plaza ere izango dira, eta bi dokumental proiektatuko ditugu, Gasteizen bisita gidatua egingo dugu, eta Eraztun Berdeari ere buelta emango diogu. Gainera gazteak elkarrekin biziko dira egun horietan, Santa Maria aterpetxean, eta horrenbestez, eguneko hogeita lau orduak elkarrekin egongo dira.

Gazteren batek interesa badu non lortu ahal du informazioa? 

Oraindik, Euskal Herritik ez du jende askok izena eman, eta hirurogeita hamar leku daude. Lekuen esleipena ordenaren arabera egingo da, beraz benetan han egon nahi badute mugitu behar dira. Informazioa facebook eta twitter kontuen bidez lortu dezakete, eta web orrialdean www.v-g.eus/HIGA informazio guztia aurkituko dute: egitaraua, laguntzaileak eta izena emateko beharrezko galdetegia. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide