Haragi gorriaren eta minbiziaren arteko lotura berretsi dute

Erredakzioa 2018ko api. 12a, 13:47

Haragi gorriaren eta minbiziaren arteko lotura ikertu du Rada Fernandez de Jauregik. Argazkia: N. Gonzalez. EHU

EHUko Farmazia fakultateko ikertzaile Diego Rada Fernandez de Jauregik gidatu du ikerketa.

Haragi gorriaren eta minbiziaren arteko harremana berretsi dute International Journal of Cancer aldizkarian argitaratutako ikerketa artikulu batean. Aurreko ikerketatan iradokitzen zen haragi gorriek eta haragi prozesatuek minbiziarekin izan dezaketen lotura. OME Osasunaren Mundu Erakundeak 2015ean gaiari buruzko azterketa zabala egin zuen, eta lotura hori ondorioztatzeko arrazoi adina zeudela esan zuen.

Orain zabaldutako ikerketan emakumezkoek izaten duten elikaduraren eta kolon distaleko minbiziaren artean egon daitekeen lotura argitu nahi izan dute. Ondorioztatu dutenez, haragi gorri asko jaten duten emakumeek horrelako minbizi bat garatzeko aukera gehiago dute.

Erresuma Batuko 32.147 emakumeren datuak baliatu dituzte ikerketa egiteko. Batez bestean, 17 urteko jarraipena egin diote talde horri. Horietatik, 462 emakumek kolon eta ondesteko minbizia pairatu dute. 

Diego Rada Fernandez de Jauregi izan da ikerketaren egile nagusia. EHUk zabaldutako ohar batean zientzialari arabarrak adierazi duenez, ikerketak "informazio baliagarria eskain liezaieke familian kolon eta ondesteko minbiziko aurrekariak dituztenei, edo prebentzioan eta osasun publikoan lanean ari direnei". Halere, azterketa gehiago egin behar direla oharrarazi du adituak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago