Landa guneko 'corteinglesak', paperera

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko api. 14a, 08:00
Karmentxu Intxaurraga eta Espejoko denda-tabernako jabea. E.U

Herri txikietako saltokien istorioak eta irudiak jaso dituen liburuxka kaleratu du Arabako Kontzejuen Elkarteak Diputazioaren babesarekin; Karmentxu Intxaurragak jaso ditu hainbat dendariren testigantzak.

Mostradore baten bueltan/hiru gizon berriketan/ta umeak gordeketan/Salerosketa soila gainditzen/zen denda zahar haietan/herri-bizitzak erakusleiho/eder  bat baitzeukan bertan". Manex Agirre bertsolariak egin du bertsoa, Arabako landa gunean merkataritzak izan duen bizitasuna ikustarazteko argitaratu berri den Atzo eta Gaur liburuaren barruan. Arabako Kontzejuen Elkarteko asmoa da argitalpena, eta Diputazioaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo sailaren laguntza jaso du istorio ezezagun ugari biltzen dituen katalogoak. 

XIX. mendetik gaur arteko landa-merkataritzari buruzko informazioa eta irudiak jaso ditu Karmentxu Intxaugarra soziologoak bi hilabeteko buruan: "70etik gora lagunek parte hartu dute liburuaren prestaketan; inoiz kontatu ez diren istorio handiak dira, atzean gizon eta emakume handiak dituztenak". Pertsona hauek guztiek euren familien negozioaren memorian arakatu dute, eta soziologoaren esku utzi dituzte hainbat pasadizo. 

Hortaz, hirurehundik biztanle baino gutxiago dituzten hamabi herriren istorioak jaso ditu Intxaurragak, non denda txikiak zeuden. Toki hauek normalean ere tabernak ziren, eta ia denetarik aurki zenezake, abarketak, prakak, edota laukizko mantalak, arroza edo gailetak. Dendaz eta tabernaz gainera, postetxea zegoen bertan, telefono publikoa, medikuaren kontsultategia, eta inguruetan bolatoki bat zuten. "Egungo merkatalguneak bezala, beharrezkoak ziren zerbitzu guztiak biltzen zituzten herrietako denda zaharrek" adierazi du Intxaurragak. 

Egiletako denda zaharraren jabeak. 'Atzo eta Gaur' liburua

Zalduondoko Andresa Martinez de OrdoÒanak 1912an ireki zuen bere etxeko beheko solairuan denda txiki bat. Garai horretan, 300 biztanle zituen herriak. Bezeroak batik bat herrikoak ziren, baina halaber inguruko herrietan (Galarreta, Arriola, Gordoa, Luzuriaga, OrdoÒana…) banaketa egiten zuten. Araban XX. mendearen hasieran soilik 200 ibilgailu matrikulatuta zeuden, beraz, logistika guztia oinez, bizikletaz eta mandoaren gainean egiten zuten. Denborarekin negozioa zabaldu zuten, benta, taberna eta jatetxea irekita. Eskaintza handia zuten: lekaleak soltean, fruta freskoa, kontserbak, bakailao lehorra, txerri-hilketarako produktuak, Gasteizko Basoco dendatik zapatilak eta abarketak, Castresana dendako saltzaileak hilean behin uzten zituen botoiak eta hariak… 1979an hil zen Martinez de OrdoÒana, eta ondoko urtean itxi zuten negozioa.

Guardia Zibilaren kontrolak

Pantaleon, Mila Lopez de Munainen aitona, trenbideetako langilea zen, eta Aletxatik Uribarri-Jauregiko tren-geltokira lanera eta bizitzera bidali zuten, 30. hamarkadan. Hiru seme zituen Pantaleonek, eta asto bat, eta hiru alproja bana erosi zizkien, herrietatik saltzera joateko. "Gabezi handiak pasa zituzten negozioa martxan jartzeko –gogoratu du Lopez de Munainek–, neguak oso gogorrak ziren eta inguruko herrietatik saltzen ibili behar ziren, oinez". Produktuak Gasteizen erosi, eta trenicoan eramaten zituzten, Laminoriara. "Guardia Zibilak merkantzia kontrolatzen zuenez, tunelera iritsi baino lehen, treneko begiratzaileak merkantzia botatzen zuen, eta haiek ezkutatzen zuten, eta gauean etxera eramaten zuten. Batzuetan aitonak dirua eman behar zien guardia zibilei produktu batzuk onartzeko" azaldu du Lopez de Munainek.

50. hamarkadan anaiak herri desberdinetara bizitzera joan ziren, eta bakoitzak denda txiki bat ireki zuen, Egiletan, Uribarri-Jauregin eta GereÒun hurrenez hurren. Hiruren artean banatzen zituzten bezeroak eta herrien banaketa. Belaunaldien arteko erreleboaren faltan itxi ziren denda guztiak.

"Badator Romero"

Luis Romerok eta Espe Sagastuyk mende erdia eman dute Bernedoko denda gobernatzen. 50. hamarkadan ezkondu ziren, eta ireki zuten La Sarrea kaleko lokal txiki batean lehen denda; alokairuan hartu zuten "541 pezeta" ordainduta. Mostradore bat jarri zuten, eta atzealdean biltegia. Romerok mando bat eta  gurdia erosi zituen, eta herrietatik  ibiltzen zen merkantziak saltzen. 60. hamarkadan Picho dendaren jabeak erretiroa hartu zuen, eta Romerok eta Sagastuyk hartu zuten lokal hori. Ohiko jakiak eta arropak saltzeaz gainera, oso harrera ona zuten bizilagunen artean LogroÒotik ekartzen zituzten chiruca botek eta IruÒetik ekarritako jostailuek. 2008an likidatu zuten negozioa, baina Bernedo eta inguruan ondo gogoratzen dute "badator Romero" edo "joan Romerora" esaten zuten garaia.

Zalduondo, Uribarri Jauregi eta Bernedokoak bezala beste hamaika denda desagertu dira Araban, eta haiekin batera galdu dira milaka istorio. Herriko denda txikien inguruko materiala eskuratzeko izan dituen zailtasunak aipatu ditu Intxaurragak: "Harritzen nau jendeak ez duela ezagutzen bere etxeko negozioaren historia; horregatik da inportantea memoria berreskuratzea eta merkataritzak herrietan izan duen eta duen garrantzia azpimarratzea". Egun, dozena bat denda besterik ez dira geratzen berrehundik gora egon ziren tokian; Espejoko Ruiz tabernaren eta Done Bikendi Haraneko Vito Etxearen testigantzak jaso ditu soziologoak Atzo eta Gaur liburuxkan.

Jose Manuel  OrruÒo Ciruk ez daki zehazki noiz ireki zuten aitona-amonek Espejoko denda, eta oroitzapen asko galdu ditu. "Aitonak dirudunen etxe batean egiten zuen lan, eta ezkondu zenean aukera ikusi zuten lokala erosteko, eta denda zabaltzeko. Duela ehun urte inguru izango zen". Aldi berean, ganadu tratulari bezala lan egiten zuen aitonak: "Langile hutsak ziren, gorriak ikusi zituzten seme-alaba asko zirelako", gogoratu du Ciruk. 

XX. mendearen hasieran Espejo bidegurutze garrantzitsua zen, eta benta zabaltzea erabaki zuten aitona-amonek; geroago seme-alabek postetxe zerbitzua hartu zuten, bankuko lanak egiten zituzten, telefono publikoa, eta ardotegia: "Osabak haritzezko kupelak zituen biltegian; Cintruenigoko Chivite upategitik ekartzen ziguten ardoa. Hasieran zahagietan saltzen zuten, eta gero garrafoietan". Lau seme-alaba geratu ziren negozioan, eta jubilatu zirenean, Ciruk hartu zuen; zendutako ama Rosario Hillarekin eta emaztea BegoÒa Martinezekin zabalik mantendu du, gaur arte.

Rosario Hilla, Espejoko Ruiz tabernakoa. 'Atzo eta Gaur' liburua.

Vito Etxearen historia, berriz, XX. mendeko 20. hamarkadan hasi zen, Erroitegiko Juan Done Bikendi Haranera jaitsi eta Milagrosekin ezkondu zenean. Casa Juan izena jarri zioten denda, benta, taberna eta estanko lanak egiten zituen lokalari. Alaba Victoriak etxea hartu zuenean, 50. hamarkadan, izena aldatu eta Vito Etxea bataiatu zuen, eta hala mantendu da gaur arte. Luis, Victoriaren senarra, inguruko herrietatik ibili da 1998an erretiratu arte, behar beharrezkoak ziren produktuen banaketa egiten. 

Jasotako istorioen harira, liburuaren egileak azpimarratu du iraganeko pasadizoak izatetik herrien etorkizuna bermatzeko tresnak izatera pasa behar direla denda txikiak. Andere Arriolabengoa bertsolariak liburuxkan idatzitako bertso batek hala jaso du ere: "Kontsumismoan esklabo/bihurtu baino lehenago/irtenbidea badago/landa guneak biziraun dezan/osasuntsu eta luzaro/gure herrien etorkizuna /betiko dendetan dago".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide