Araban izango da 2019ko Enoturismoaren Nazioarteko Kongresua

Erredakzioa 2018ko api. 11a, 17:30

Erakundeetako hainbat ordezkari izan dira Budapesten, izendapena ezagutzeko ekitaldian. / Quintas

Jaurlaritza, Aldundia eta Gasteizko Udaleko ordezkariak izan dira Budapesten, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideko kideekin batera. 

Gaur Budapesten jakinarazi duten moduan, Araba izango da International Wine Tourism Conference, Exhibition & Workshop-en (IWINETC) XI. edizioaren egoitza datorren urtean; enoturismoaren hitzordu garrantzitsuenetako bat nazioarte-mailan.

Hitzaldi sorta batekin batera, workshop-ean produktu enoturistikoen hornitzaileak eta bidaia-agentziak batuko dira, bai eta enoturismoa merkaturatzen espezializatuta dauden turoperadoreak ere. Ekitaldian, gainera, produktu enoturistikoen hornitzaileen erakusketarako eremu zabala egongo da; bertan, elkarteak, turismo-bulegoak, ardoaren museoa, hotelak eta upeltegiak egongo dira. 

Ordezkaritza

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eskerrak eman ditu gaur Budapesten egindako ekitaldian. “Eskerrak lurra maitatzeko, ardoa sentitzeko, kultura mimatzeko, nekazaritza aztertzeko, berritzeko, zientzia eta enologia eskaintzeko eginiko lan handiagatik eta Arabako mahastizaintzako eta ardogintzako sektorearen entregagatik; izan ere, Arabaren, Euskadiren eta Gasteiz hiriburuaren izena mundu osora daramate”. 

Ildo beretik hitz egin du Cristina Gonzalez Arabako Turismo diputatuak. “Upeltegiak eta ardoak dira gure aurkezpen-txartela kanpoaldean, eta kongresu hau egiteak bultzada handia emango du Arabako Errioxa nazioarte-mailan bikaintasuneko helmuga enoturista gisa sustatzeko”. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago