Zadorrak gainezka egin eta hainbat errepide moztu dituzte

Erredakzioa 2018ko api. 11a, 18:32

Abetxukuko hainbat baratza urpean geratu dira. / N. Cuesta

Urtegia hustearen ondorioz, hainbat lur-sailetan putzuak sortu dira.

Azken egunetako euriagatik eta iragarritakoagatik, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak Aholku Batzordea deitu du uholde-arriskuarengatik, eta Larrialdi Plan Bereziaren lehen larrialdi-maila aktibatu du.

Oraingoz, Araban, ur putzu ugari dago, eta hainbat errepide daude itxita; besteak beste, Margarita, Ihurre, Amarita, Tresponde eta Bilodan itxi dituzte. Bestalde, Zadorra ibaiak gainezka egin du, Uribarri urtegia husten hasi direla eta, eta horren ondorioz Gasteizko Abetxuku auzoko hainbat lur-sailetan uholde txikiak izan dira, eta bertako baratzeak urpean geratu dira.

Uribarriko urtegia urtarrilaren 5etik ia etengabe ura hustutzen izan da, 30m³/s-rainoko ur-husteak barne. Orain, betetze maila %90tik gorakoa da. Eman diren euriak, urtegietan sartu den ur-kantitatea, eta heldu diren azken aurreikuspen meteorologikoak aintzat hartuta, ur-hustuketa 5  m³/s-ka handitzearen aukeraz hausnartu dute, 60m³/s-ra heldu arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago