Hirugarren antzerki zirimola

Erredakzioa 2018ko api. 10a, 17:20
Huts Teatroak 'Hozkailua' lana aurkeztuko du apirilaren 22an./ Huts teatroa

Zurrunbilo euskal arte eszeniko garaikideen hirugarren jaialdia ospatuko da apirilaren 19tik 22ra; besteak beste, Kukai, Atx eta Huts Teatroaren lanak ikusi ahal izango dira, Oihanederren eta Baratza aretoan.

Euskarazko antzerki berri gosez dauden ikusle eta sortzaileak zorioneko daude. Hilaren 19tik 22ra bueltan da Zurrunbilo euskal arte eszeniko garaikideen jaialdia, hirugarrenez, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea eta Baratza aretoa topaleku izango dituena.

Bat-bateko antzerki norgehiagoka bizi batekin emango diote hasiera jaialdiari, hilaren 19an, 21:30ean, Oihanederren. Jose Teran aktorearen gidaritzapean, bat-bateko tekniken inguruko ikastaroa egiten ari diren 15 lagunen emaitza ikusi ahal izango da. Bi taldetan banatuta,  istorioak sortu eta horietan inprobisatzeko gaitasuna erakutsiko dute aktoreek.  

Dantza eta zinema batzen dituen formatu berezi batekin helduko da Kukai taldea Baratzara, hilaren 20an. Pablo Iraburuk eta Inaki Alforjak sortutako film dokumentala oinarri, hiru dantzarik Oskara ikuskizuneko hainbat pasarte taularatuko dituzte. Ikuskizunaren sormen prozesua da lan honen abiapuntua, eta identitatea gogoetarako gai nagusia. Kukairen ostean, Monstrenko kolektiboa helduko da. Maitasunaren sugarrean gira eta bira arituko dira Itziar Rekalde eta Eñaut Armentia. Sugarrak bizirik iraun dezan egindako lanak eta estrategiak gerturatuko dituzte Maitasunezko istorio bi eta marko teoriko bakarra lanean.

Errealitatea eta fikzioa uztartzen dituen lana aurkeztuko du hurrengo egunean, hilaren 21ean, 20:00etan, Atx Teatroa taldeak. Indarkeria matxista ardatz duen bakarkako ikuskizuna eskainiko du Iñaki Ziarrusta aktoreak.

Hozkailu bat protagonista 

Huts Teatroak Hozkailua antzezlana emango du igandean, hilaren 22an, 19:00etan, Baratzan. Maite, Karlos eta hozkailu bat dira protagonistak, eta batetik bestera ibiliko dira zeregin xelebre samar batekin: Jimmy lagunaren gorpuari lur ematea. Unai Iturriagak idatzi, Manex Fuschek zuzendu, eta Ander Lipus eta Patricia Urrutia izango dira aktore lanetan.

Ibon RG-ren kontzertuarekin emango diote amaiera; bakarlari gisa, ahots hutsezko esperimentazioak egiten ditu, inprobisaziotik abiatuta. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide