"Gazte sortegiak, gazte sorginkeriak"

Ibernaloko Sorginak 2018ko api. 10a, 06:30

"Hamabi sorgin gazte bildu gara kanpezun gure artista txikia hauspotzeko"

Ibernaloko sorginek idatzitako gutuna (Aida Fernandez, Ane Pedruzo, Esti Alberdi, Garazi Idirin, Irune Santamaria, Izaro Fernandez, Lierni Paul, Maddi Ferreres, Maddi Iturrieta, Oihana Hernando, Olatz Arraiz, Onintze Bayer).

Akelarre zoragarrian hasi dugu udaberria Gazte Sortegiak sormen-egonaldian. Hamabi sorgin gazte bildu gara Kanpezuko Ibernalo landetxean gure artista txikia hauspotzeko. Lau sortzaile fin izan ditugu bidelagun.

 

Lehen egunean Oihane Perea etorri zitzaigun bertso-sortegia gidatzera. Jolasen bitartez errima eta inprobisazioa landu genituen bertso-sorta ederrak sortuz. Zehar-lerro nagusiak emakumeak eta euskara izan ziren. Inprobisazioa lantzeak eta Oihaneren mimo eta gertutasunak izugarri lagundu zigun talde-izaera indartzeko. Askok ez genuen esperientziarik bertsotan, eta hitzarekin jolastuz gure buruaz harritzeraino heldu ginen, lotsak poliki-poliki galduz mikroaren aurrean kantatzera ausartzeraino. 

Jon Basagurenek landetxea musika-estudio bihurtu zuen hurrengo egunean. Bakoitzaren gustu musikaletatik abiatuta hamaika musika-estilo aztertu genituen, eta hobeto ezagutu eta ulertu genuen horien jatorria. Gure egunerokoan denok bizi gara musikarekin, eta denontzat izan da etxekoa bezain gurea. Abesti desberdinen bertsioak egiteaz gain, egonaldiko kanta ere sortu genuen: Gazte sorginkeriak. Sorkuntza-prozesua osoa izan zen: melodia, instrumentuak, hitza, eta, borobiltzeko, grabazioa. Jonen goxotasunak eta entzute aktiboak eguna berezi bihurtu zuten. Jaio Kantaktrizen ahotsa eta gitarrarekin kantu-afarian ibili ostean, barnea dantzan oheratu ginen. 

(Sortutako abestia):

 

Hirugarren egunak Unai Lopez de Armentia antzerkilariaren magia oparitu zigun. Mugimenduan pasa genuen eguna, gorputz- adierazpenarekin gozatuz. Arreta, entzumena, sentimenduak eta inprobisazioa lantzeko teknikak ikasi eta praktikan jarri genituen koadro eta polaroid biziak sortuz. Unaik badu artea ingurukoak bere bizipozarekin sorgintzeko. Eguna amaitzeko, Teleberriko kazetari bat etorri zitzaigun gaueko albistegietarako berria egitera; ordura arte bizitako emozioak plazaratzeko aukera polita izan zen.

Maider Oleaga zuzendari eta gidoilariarekin itxi genuen egonaldia. Ikus-entzunezkoen mundu zabal eta anitza hurbildu zigun. Aste guztian hainbeste erabilitako hitzari protagonismoa kendu, eta irudia, soinua eta isiltasuna izan genituen ardatz. Maiderren artista-senak bideratuta, aktore eta zuzendari lanetan ibili ginen zinea gertuagotik ezagutuz. Egonaldiko bizipenetan oinarritutako bi film labur sortu genituen. Gaiak: beldurra eta elkartasuna. 

Hurrengo ikasturtean Oihaneder Euskararen Etxean abiatuko den sormen-eskolan parte hartzeko benetan gogotsu gaude. Esperientzia gogoangarria izan da. Aurrerantzean, lagungarria izango zaigu oso gure sormen-hegaldiak arintzeko; sasi guztien gainetik, hodei guztien azpitik eta ortzadar bikoitzen zeharkaldietatik. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide