Mailari eusteko aurrerapauso garrantzitsua eman du Alavesek

Ibon Gorrisi 2018ko api. 9a, 10:06

Larunbatean jokatutako partidan bi (Laguardia eta Munir) eta huts irabazi zion Getaferi.

Talde arabarrak hiru puntu oso garrantzitsuak eskuratu zituen larunbatean. Zazpi norgehiagoka falta dira Ligari amaiera emateko, eta orain jaitsiera postuak hamabi puntura daude. Beraz, Abelardo entrenatzailearekin egindako lana kontuan izanik, esan genezake helburua lortuta dagoela.

Getaferen aurkako partida ez zen batere erraza izan. Lehendabiziko zatian ia-ia ez zen aukerarik izan. Batetik, bi taldeek golik jaso ez zutelako eta, bestetik, aurrealdean oso gutxi arriskatu zutelako. Horren ondorioz, atsedenaldira hutsnako berdinketarekin joan ziren.

Partidaren gakoa bigarren zatiko 3. minutuan izan zen. Laguardiak buruz bukaera ezin hobea eman zion Munirrek egindako falta jaurtiketari. Gol horrek bizia eman zion Alavesari eta hortik aurrera nagusi izan zen berdegunean. Bigarren gola, Munirrek egin zuen 75. minutuan. Kontraeraso bikaina burutu zuten aurrelariek, Burguik pase eman zion Guidettiri eta honek ezker hegaletik erdiraketa zoragarria egin zion Munirri, honako honek baloia saretara bidaltzeko.

Bazirudien norgehiagoka erabakita zegoela, baina 81. minutuan Getafek aukera izan zuen gola sartzeko, baina Antunesek penaltia huts egin zuen. Lasaitu ederra hartu zuten zaleek, izan ere, zenbait partidetan jokaldi inozoengatik puntuak galdu baitira.

Goraipatzekoa da taldeak egindako lana eta, nola ez, zaleek emandako babesa ikaragarria. Mendizorrotzak gozatu ederra hartu zuen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide