Gasteizen abiatu da Euskal Herriko Itzuliaren gaurko etapa

J. Gallego/ E. Villa 2018ko api. 6a, 13:54

Haizea izan da probaren lehen minutuetako protagonista nagusia.

13:00etan Mendizabaleko aparkalekutik abiatu da Itzuliaren bosgarren etapa. Lasarteko atea pasata, hiria zeharkatu du probak. Besteak beste, Gaztelako atea, Manuel Iradier, Eduardo Dato, Olagibel eta Brusela hiribidetik igaro da Itzulia. Hiriaren babesa utzi ondoren, haizea izan da etaparen hasierako protagonista.  

Kirol probaren azken-aurrekoa izango da gaurkoa; Eibarren (Gipuzkoa) bukatuko da: guztira, 165 kilometro egingo dituzte txirrindulariek. Arabako lautadaren goxotasuna atzean utzi eta hiru mendate igo beharko dituzte kirolariek, hirurak Gipuzkoan. Horien artean, Azuri gaina 1. mailako mendatea da, eta oso gertu dago azken-aurreko mendatetik. Hori dela eta, lasterketaren azkenengo erasoa burutzeko une aproposa izan daiteke.

Mikel Landak sailkapen nagusia du buruan 

Atzo Lodosan izandako erlojupekoan minutu eta hamasei segundu galdu arren, begiz jota dauka Mikel Landak Euskal Herriko Itzuliko sailkapen nagusia. Etapa amaitu ondoren, sailkapen orokorreko denbora tartea murrizteko asmoa duela adierazi zuen eta falta diren bi jardunaldietan erasora jokatu beharko duelakoan dago arabarra.

Jendearen ahotan larunbatean Arrateko gainean amaiera izango duen ibilbidea eta txirrindulariek igaro beharko dituzten zortzi mendateak aipatzen da etengabe. Halere, gaurko eguna ere garrantzitsua izan daitekeela adierazi du Movistar tandeko txirrindulariak "bukaera mendate batean izan ez arren, ibilbide gogorra da gaurkoa eta edozein gauza gerta liteke".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide