Aste honetatik aurrera, Urrezko Zeledonak erakundeak zortzi kide berri ditu. Asteazkenean egin dute kide berrien aurkezpena, Vital Fundazioaren aretoan. Ekitaldian kide berriei harrera egin diete, eta egoera berriaren adierazle diren diplomak ere banatu dizkiete. Eduardo Madinabeitia, Iñaki Martinez de Luna, Susana Aretxaga, Blanca Sedano, Mariola Sedano, Floren Unzueta, Xabier Añua eta Iñaki Lasa dira, hemendik aurrera, Urrezko Zeledon berriak.
Erakundeak iaz antolatu zuen VII. Hitzaldi Zikloan parte hartu zuten orain merezimendua jaso duten lagunek. Ekarpen horiek liburu batean bildu eta orain argitaratu dute, Aldundiaren laguntzarekin.
Erakundeko presidente Josemari Velez de Mendizabalek ekitaldian nabarmendu du kide berri horiek onartzea eta erakundearekin lankidetzan ikustea "ohore handia" dela, "azken finean denok elkarrekin baitihardugu Araba eta Gasteiz jantziagoaren alde".
Elkarteak duela bost urte erabaki zuen Urrezko Zeledon saria eskuratu ez arren, nahikoa merezimendu zuten lagunei atea irekitzeko aukera. Ordudanik, 41 lagunek jaso dute ohore berezi hori. Horietatik batzuek, gainera, Urrezko Zeledon saria eskuratu dute gerora.