Fenerbache izango du Baskoniak aurkari

Erredakzioa 2018ko api. 6a, 12:03
Argazkia: euroleague.net

Azken partida Anadolu Efes-en kontra galdu ostean (79-81), fase erregularra zazpigarren postuan bukatu du Baskoniak.

Azken sei partidak irabazi ondoren, garaipena espero zuten atzo iluntzean Baskoniazale guztiek. Tamalez, partida txarra jokatuta, seigarren postuak eskuetatik alde egin die Gasteiztarrei.

Partidari gogotsu ekin bazioten ere, Efes-ek ez zion Baskoniari markagailuan tartea irekitzeko aukerarik eman. Erasoko errebotean gogoz jardun zuten Turkiarrek eta Gasteiztarren defentsa ahulaz baliatuta, saskiratze errazak lortu zituzten barne jokoan behin eta berriro. Aldageletarako bidea puntu bat atzetik hartu behar izan zuten Pedro Martinezen mutilek.

Bigarren zatian, Turkiarrak jaun eta jabe izan ziren minutu askotan zehar eta Baskonia markagailuan atzetik ibili behar izan zen. Burua makurtu ordez, Gasteiztarrek kementsu jardun zuten eta defentsa gogortzen saiatu ziren. Horrela, bi taldeak parekatuta iritsi ziren azken minutuetara. Efes-ek ezer gutxi zuen atzokoan jokoan, eta lasaitasun horri esker, azken jokaldietan asmatzen jakin zuten. Baskoniak, nahi baina ezin.

Partida galdu arren, zuzeneko lehiakide zen Khimki-k ere bere partida Bartzelonaren kontra galdu zuen, eta hortaz, zazpigarren postua Gasteiztarren esku geratu da azkenik. Hurrengo kanporaketan iazko Euroliga irabazi zuen Fenerbache izango du Baskoniak aurkari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide