Joan den urtarrilaren 13an hil zen Ainhoa Valleri omenaldia egingo diote igande honetan, hilaren 8an, senide eta lagunek. 2007. urtean buruko isuria izan zuen gazteak, eta geroztik alde bateko paralisia eta min handiak izan zituen. Errehabilitazio saioekin bakarrik lortzen zuen min horiek arintzea, eta eritasun kardiobaskularren bat zutenen edota etorkizunean izango zutenen bizi-kalitatea hobetzeko borrokari heltzea erabaki zuen Vallek; 2016an gaixotasun kronikoa dutenentzako errehabilitazio iraunkorraren aldeko borroka hasi zuen, besteak beste, change.org bitartez kanpaina eginez, Hermana Mayor plataforma sortuz eta afera Legebiltzarrera eramanez.
Igandeko omenaldiarekin, familiak Ainhoa Valleren borroka ezagutarazi nahi du, eta gaixotasun kronikoak dituzten lagunek dituzten beharrez kontzientziatu nahi dute. "Guztioi gerta dakiguke halako zerbait, eta gertatzen denean zeharo aldatzen da bizitza; ezer ez da lehen bezala, eta ez da onartzen erraza", adierazi du familiak ohar baten bitartez. Horregatik, Ainhoaren lekukoari helduta, familiak haren borrokarekin jarraitu nahi du, eta "tratamendu integral bat" abian jartzea eskatzeko lan egingo dute, eritasunaren hasieratik eta ondoren ere babes psikologikoa eta errehabilitazio fisikoa izango dituena.
Omenaldiaren egunean denda solidario bat prestatuko dute Ainhoaren hainbat gauzarekin, haren soineko eta kapelak tartean, eta lortutako dirua ATECE elkartera -Arabako hartutako burmuin kaltearen elkartea- bideratuko dute, errehabilitazio iraunkorra behar dutenentzako tratamendu pribatua ordaintzeko. "Honekin, modu sinboliko batean, bete nahi dugu Ainhoaren helburuetako bat". 10:00etan hasiko da agur omenaldia, Armentiako basoan.