Rocka, erruz bazter guztietan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko api. 9a, 07:00

Suicidal tendencies izango dira Gasteiz Calling jaialdian, azaroan.

Udaberritik udazkenera bitartean rock jaialdi indartsuak ospatuko dira Araban; Mendialdeko Maeztun maiatzean, Arabako Errioxako Lapuebla de Labarcan ekainean eta Gasteizko Iradier Arenan azaroan.

Arabako Errioxako eta Mendialdeko rock jaialdi gazteek Gasteizko Azkenaren lekukoa hartuko dute, bigarren aldiz, eskualde hauetako rock, rap, reggae eta ska zaleen egutegian finkatzeko xedez. Gainera, Gasteiz Calling jaialdiaren laugarren edizioa antolatzen ari dira, eta kartelaren lehenbiziko hamaika taldeen izenak iragarri dituzte jada; azaroaren 9an eta 10ean ospatuko da festibala Iradier Arenan, eta, antolatzaileen esanetan, "Arabako astebururik punk-rock eta hardcore-ena" izango da.

Denetariko musikak eta artistak gozatu ahal izango dituzte kontzertuzaleek udaberritik hasita udazkenera arte. Kabbalah, Bidelapurrak, El Drogas, Gatibu edo Zea Mays izango dira tokiko taldeen artean, eta Suicidal Tendencies, Riot Propaganda, edo Barrence Withfield & The Savages, berriz, kanpotarren artean.

Maeztun, maiatzean

Lehenbiziko jaialdia Maeztu herrian izango da, maiatzaren 26an. Lehenengo edizioak izandako harrera ikusita, aurten ere Mendialdea Music Festival egitea erabaki dute antolatzaileek. Kuadrillan musika eskaintza zabaltzeko asmoarekin elkartu ziren iaz eskualdeko sei lagun, eta babes handia lortu zuten asmoa aurrera ateratzeko.

Aurtengo edizioaren kartela Barrence Whitfield estatubatuarrarekin itxi dute; harekin batera izango dira Madrilgo Aurora & The Betrayers, Gasteizko The Dealers, Bidelapurrak, IruÒeko Kabbalah eta Maeztuko Los Retales.

Kontzertuak doakoak dira, eta gastuei aurre egiteko kamisetak, jertseak eta bestelako materialak salgai jarri dituzte antolatzaileek, Maeztuko Bazter okindegian.

 

Lapuebla de Labarcan, ekainean

Mendialdetik Arabako Errioxara igaroko da rock musika, Lapuebla de Labarcara hain zuzen, bertan ospatuko baita bigarrenez Lapuebla Rock Fest. Ekainaren 29an El Drogas, Kaotiko, Zea Mays, Planeta Def eta Tobogan taldeek joko dute. 30ean, berriz, Riot Propaganda, Gatibu, Doctor Deseo, Eskorbuto, Flitter eta EH! Mertxe taldeen aukera izango da. Iazko estreinaldiaren arrakastari helduta, bigarren edizio hau antolatzea erabaki du Lapuebla Rock Fest jaialdiko sustatzaile Errioxako Panpano enpresak. 

Iaz, eguraldi nahasia egin zuen arren, ehunka musikazale bildu zituen Lapuebla de Labarcako hitzorduak. Sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte. 23 euro balio du egun bakoitzeko sarrerak, eta 35 euro bi egunekoak.

Gasteiz Calling, azaroan

Udako hitzorduak atzean utzi eta gero, Gasteiz Calling jaialdia ageri da letra larriz rockzaleen egutegian. Laugarren edizioa, ohikoa den legez, Iradier Arenan ospatuko da. Data ere baieztatu dute, azaroaren 9an eta 10ean, bi eguneko apustua berretsiz.

Talde indartsu ugari izango dira kontzertuetan. Haietako bat Propagandhi, Victory Lap diskoa aurkeztuko duena Gasteizen; Espainiako Estatuan 2018an eskainiko duten kontzertu bakarra izango da hori. Punk-rock melodikoa eta metal teknikoa uztartu du lan berri horretan laukote kanadiarrak.

Halaber, joan den urtean Jimmy Jazz Gasteiz aretoan "arrakasta itzela" lortu ondoren, Mike Muir eta Dave Lombardo buru dituen Suicidal Tendencies talde estatubatuarra Gasteizen izango da berriro. Gainera, azken aldiz Arabako hiriburuan egon zirenetik bost urte igaro direnean, Geggus anai-arrebak buru dituen Cockney Rejects Londreseko taldea jaialdian izango da. Horrez gain, Dag Nasty "hardcore melodikoa definitu zuen taldea" jatorrizko bandarekin izango da, eta taldearen historiaren errepasoa egingo du. The Exploited, Segis, Street Dogs eta Adrenalized gasteiztarren zuzenekoak ere izango dira, aurrerago iragarriko dituzten banda gehiagorekin batera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago