Palmako inguru alternatiboetan bere izena entzuten hasi zenean, Valtonycek oraindik ume-itxura zuen, eta ile bat bera ere ez kokotsean.
-Bada Sineuko gazte bat mallorkeraz rapa egiten duena, eta crack bat da!
David Pujolek, zumezko saskitxodun ekintzaile 'indepe'-ak, esan zidan hunkituta. Azaldu zidan Mateo Xuriren kontrako borrokaldi batean ikusi zuela, glosadoreen (Mallorcako bertsolariak) aitajaunaren kontra. Bat-bateko hitza bi azal desberdinekin: glosa versus rapa. Alegia, bertsolari eta raperoen arteko saio baten antzera.
2012. urtea zen, eta glosarekin zuen promiskuitateak irlako independentistak erakarri zituen. Mallorcako antzinako doinu bat atzerriko raparekin lotu zituen gazteak. Eta munduko lotsagabekeria handienarekin, motherfucker! Ez zegoen aurrekaririk. Askorentzat hizkuntza katalanarentzat itxaropen bat zen. Baita, beharbada, Mallorcako identitatearen biziraupenaren borrokarentzako. Aizu! Urtean zortzi milioi turista eta herritarren erdia baino gehiago irletatik kanpo jaio badira (INE-ren datuak), bertako kultura landu behar da.
Valtonycek erakutsi zuen posible zela poligonero itxura izan eta norbere lurra maitatzea. Irlatik kanpoko kulturak inportatu zitezkeela eta, era berean, auto-gorrotoan ez erortzea. Hau da, neguan piña jan baina ETB1 ikustea xelebrea iruditzen zaien hiritar horiek ez bezala.
Badirudi quillo eta choni artean borrokak daudela. Eta eskerrak hala den! Baina garai hartan dena iluna zen. Jose Ramon Bauza eta gogoratzen den PPrik txarrena aurkaririk gabe gailendu ziren 2011ko hauteskundeetan. Horren indartsu, katalanaren kontrako kolpez betetako legealdia egin baitzuen. Lubaki poetikoen urteak izan ziren Obra Cultural Balear-eko gauetan (AEK eta Euskaltzaindiaren arteko erdibideko erakundea). Govern-eko PPren ekitaldi bakoitzean eskratxeak izan ziren hilabeteetan; udaberri mallorcar xume bat sumatu zitezkeen egunak, eta erredakziotik atera ginen gauak, Palman ziren Alde Zaharreko taberna estiloko barretara heltzeko: El Pinzell eta Siset.
Disidentzia guztiak Via Alemaniako epaitegietan inputatuta amaitzen zuen garaiak ziren. Izan zelako garai bat astero haraino joan behar izaten genuena. Aurreko atetik, deklaratzera zihoazen inputatuei txalo egitera. Atzeko atetik, atxilotutakoak askatu arte itxarotera. Eta ukabila altxatuta igotzen zuten aldapa, Iñaki Urdangariñek eta beste hainbat politikari ustelek Estatu osoan ezagun egin zuten malda.
"Disidentzia guztiak Via Alemaniako epaitegietan inputatuta amaitzen zuen garaiak ziren. Izan zelako garai bat astero haraino joan behar izaten genuena."
Haren benetako izenetik hasita, kutsu komunista du –eta ez independentista–, Joan Miquel Arenas, Arenas kamarada. Nahiz eta Arranekin harreman ona zuen (Ernairen erreferentea Herrialde Katalanetan). Mallorcan zaila zelako denek bat ez egitea –batez ere gobernu bauzandarretan–. Eta disidentziaren espazioa, ez gaitezen engaina, estua zen. Garai hartan Camposek Valtonyc bera salatu zuen Círcol Balear kantagatik. "Jorge Camposek suntsiketa nuklearreko bonba bat merezi du". Valtonycek 17 urte zituen idatzi zuenean. Campos Santiago Abascalen (semea!) laguna zen.
Bienbitartean, Camposek Arraneko gazteak salatu zituen beste epaiketa gogoangarri batean, nahiz eta jokaldia ez zitzaion ongi atera. Edo hobeto esanda: ospea lortu zuen hamar gazte –nerabe ez esateagatik– epaitzeagatik. Baina ez zuen espero zuen zigorra lortu, guztia hutsegite-delitu bat izan zelako. Orain, berriz, ehizatu du bere harrapakina. Joan Miquel Arenas Valtonyc.
Udako gau tropikaletan haren kontzertuetara joaten ginen. Sa Poblakoa gogoratzen dut, Pinyol Vermell kolektiboaren hamargarren urteurrena ospatu genuenekoa, kanpoaldeko industriagune batean. Maletategian ateratako kubatak eta plastiko gogorreko edalontziak eta igaro diren jaiak.
"Bada Sineuko gazte bat mallorkeraz rapa egiten duena, eta crack bat da!", esan zidaten.
Garajeetan kantatzen zuten. Edo lastozko fardel artean. Swing eta Valtonyc. Landako bi abeslari. Esnatzen zaituen zaplasteko bat. Bere lehen diskoko ale bat iritsi zitzaigun Diari de Balears-eko erredakziora: Rap Rural. Hip hop oinarria, folk notak, jazz ametsak... "Eta hizkuntza gisa mallorkeraren erabilera aldarrikatzen dutenak", defendatzen zuten ordurako.
Gaur ez da Mallorcako Xuriren kontrako lehendabiziko "borroka" haietako mutikoa. Kataluniako Parlament-ean ikusi besterik ez dago –prentsaurreko hartan Fermin Muguruzarekin eta Anna Gabriel diputatuarekin batera– nola heltzen dion atrilari eskuekin. Besoetan Durrutiren indarra duela dirudi: apurtzeko zorian dago.
Beharbada lan egiten duen fruta-denda utzi beharko du. Musikarekin dirurik egin ez zuen working class-ekoa; aldiz, musika bizi, izerditu eta borrokatu egin du.
Kataluniatik egin zuen biran Badalonako kontzertuaren modukoak eman zituen, inputatuta dauden beste musikari batzuez inguratuta: Pablo Hasel, Elgidio eta Cesar Strawberry. Bitartean, apirila heldu da, eta harekin batera Bartzelonako CUPek bere letrak berreskuratu ditu –horiengatik zigortu dute– Sant Jordi egunez aterako duen fanzine batean. Epaiketa hastear da. Ondoren helduko da kondena, Auzitegi Gorenean helegitea. Eta, aste madarikatu honetan bertan, kondenaren berrespena.
Bitxikeria bat jakinarazi zuen: bere erresistentzia kutxatik 20.000 euro eman zizkion Puigdemont eta CUP-i! Laster ireki zituen digitalen azalak. Baina fake news zen. Troleatzea zen bere asmoa. Eta barrez lehertzen zen.
Kartzelara sartuko ote da? Estatuko errepresioa nola zorrozten ari den ikusita, beharbada Europa erdialdeko herrialde batera bisitan joan beharko dugu.
*Ander Zurimendi idazle eta kazetari gasteiztarra da.