4.729 lagunek jaso dute Arabako Elikagaien Bankuaren laguntza

Erredakzioa 2018ko api. 3a, 12:30

1.343 familiek eta jantoki sozialak kudeatzen dituzten 28 elkartek jaso dute laguntza. Alea

Krisiaren unerik gogorrena igarota ere, familia askoren egoera ez dela aldatu salatu du erakundeko presidenteak.

Arabako Elikagaien Bankuak 1.757 tona elikagai jaso ditu 2017an, aste bakoitzeko 33.000 kilo janari inguru, erakundeak iazko lanari buruz egindako memoria txostenean jasotakoaren arabera.

1.343 familiak jaso dituzte Elikagaien Bankuaren laguntza; 4.729 lagun orotara. Bestalde, jantoki sozialak kudeatzen dituzten 28 elkartek ere jaso dute laguntza.

Erakundeak azpimarratu du bereziki ezaguna dela azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran burutzen duen "bilketa erraldoia", baina urte osoan mantentzen dela bankuaren jarduera. Adibidez, iazko "bilketa erraldoian" 150.000 kilo jaso zituzten.

Elikagaiei dagokienean, esnekiak eta arrautzak izan dira gehien bildu diren elikagaiak (500 tona). Ondoren datoz edari ez alkoholikoak (375 tona), fruta eta barazkiak (203 tona), eta jaki lehorrak (141 tona).

Erakundeko presidente Daniel Fernandez Condek hedabideei helarazitako gutun batean nabarmendu duenez, "datu makroekonomikoek erakusten dute krisiaren unerik gogorrena igarota dagoela jada, baina milaka familiaren egoera erreala ez da ia aldatu". Erraz ikusten ez den txirotasuna azalarazteko beharra gaineratu du Fernandez Condezek. "Azken urte hauetan soziologoek ondo ikasi dutenez, ohiko ibilbideetatik kanpo dagoen eta erraz ikusten ez den txirotasun mota berria agertu da orain".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago