Arabarrek Euskadiko Autonomia Erkidegoko bizi-itxaropenik handiena izaten jarraitzen dute, Eustat Euskal Estatistikaren Erakundeak asteazkenean plazaratutako datuen arabera.
Estatistikari jarraiki, orain jaiotako arabarrak, batez bestean, 84 urte biziko dira. Ohi bezala, alde nabarmena dago sexuaren arabera: gizonezkoen kasuan, 81,4 urte lirateke, eta emakumezkoen kasuan, 86,5 urte. EAEko datuei dagokienez, gizonezkoak 80,3 urte eta emakumezkoak 86,2 urte biziko lirateke.
Adierazle honen kasuan, Eustatek ez du eskaini oraindik eskualdeen araberako daturik. Araban izan diren xehetasunen berri izateko, ezinbestean 2005-2006 biurtekora jo beharra dago. Bertan dauden datuak, baina, arras argigarriak dira. Zifra horiei jarraiki, Mendialdean eta Añanan dute EAEko bizi-itxaropenik handiena: 82,6 eta 82,2 urte, hurrenez hurren. Aiaraldean, berriz, EAE osoko bizi-itxaropenik txikiena dute: 80,25 urte. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aldeari dagokionean, Arabako Errioxan dute EAEko alderik handiena: bertako gizonezkoek 76,7 urteko bizi-itxaropena dute, eta emakumezkoek 84,5. Ia zortzi urteko aldea, beraz.
Begirada epe luzera botata, datuok azken urteetan bizi-itxaropenak izan duen gorakada nabarmena erakusten dute. Duela 40 urte, Arabako gizonezkoena 69,5 urtekoa zen, eta emakumezkoena, 77,2 urtekoa. Azken lau hamarkadetan, beraz, hamar kandela gehiago jarri dira arabarren urtebetetzeko tartetan.