Final-laurdenetarako txartela poltsikoan

Erredakzioa 2018ko mar. 30a, 12:12

Maccabiren kontrako garaipenak (83-72) Euroligako playoffak jokatzeko txartela eman die gasteiztarrei.

Asko zuen jokoan Baskoniak atzokoan eta zorionez behar bezala erantzuten asmatu zuen. Ez zen partida distiratsua izan eta hasiera batetik urduritasuna nabaritu zitekeen giroan. Izan ere, gasteiztarrek euroligako final-laurdenetarako txartela jokoan bazuten, talde israeldarra egoera larriagoan zegoen. Maccabik atzo irabaztea beste aukerarik ez zuen playoff-ak jokatzeko esperantza bizirik mantendu nahi bazuen, baina bide horretan Baskoniarekin egin zuen topo.

Tentsioa nabaria izan zen berrogei minututan zehar, jokaldi ederrak eta akats inozoak tartekatu ziren kantxan. Baskoniak jokoaren erritmoa ezartzeko saiakera egin bazuen ere, ez zuen markagailuan tartea zabaltzeko biderik topatu eta bi taldeak pareko iritsi ziren azken laurdenera. Urduritasun hori, Buesa Arenan elkartu ziren ia 14.000 lagunen artean ere nabari zen.

Minutu erabakigarrietan, Baskoniako jokalari gazteek irabazteko gosea erakutsi zuten eta azken esfortzu horri esker urte hasieratik begiz jota zuten final-laurdenetarako txartela poltsikoratzea lortu zuten.

Fase erregularreko azken partida bakarrik geratzen da jokoan, eta zuzeneko aurkarien kantxetan gertatzen denaren arabera, Baskoniak seigarren izatera iristeko aukera izango du oraindik. CSKA eta Fenerbachek talde sendoenak direla erakutsi dute denboraldi osoan zehar, hortaz seigarren postuak kanporaketa horiek ekiditeko aukera eman diezaieke gasteiztarrei.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide