"Euskaraz bizitzea harro egoteko modukoa da"

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2018ko martxoaren 27a

#LehenHitzaEUS kanpainarekin, Gasteizko Andre Maria Zuriaren protagonistarekin izan gara, 2001 urtetik egun arte San Migel elizako kanpandorretik hiriko jaiei hasiera ematen dion Zeledonekin. Gorka Ortiz-en izenean ezagutzeko aukera izan dugu oraingoan, Gasteiztar, langile, familiako kide eta kontsumitzaile gisa. Nola bizi du euskara Gasteizko aste nagusiko protagonistak? 

Gasteizko ikurra. Nola iritsi zara Zeledon izatera?

Iñaki Landak utzi zuenean beste pertsona baten bila hasi ziren, niregana jo zuten, nik baietz esan eta hemen nauzu, Zeledon.

Nola da Zeledonen eguerokotasuna? Zein da Gorka Ortiz de Urbina eta zertan dihardu?

Egunerokotasun arrunta daukat, beste edozein gasteiztarrarena bezalakoa. Michelin enpresan lan egiten dut. Zeledon gisa, beti ditut Gasteizko jaiak buruan, pertsonai publikoa naiz, baina saiatzen naiz normaltasun osoz jokatzen. Noski, beti daukat ardura berezi bat, jendartean poza eta jai giroa zabaltzearena. Horrek daukan onura da gauza positiboekin erlazionatzen zaituztela beti.

Hizkuntzarekin zein irizpide jarraitzen dituzu?

Adibidez, abuztuaren 4an saiatzen naiz nire diskurtsoa euskara hutsean egiten; azken finean, oso garrantzitsua da espazio publikoetan gure kultura eta hizkuntza bultzatzea.

Nola bizi dituzu Gasteizko jaiak? Euskaraz bizi dituzu?

Ilusioz bizi ditut, bai euskaraz eta baita gazteleraz ere. Saiatzen naiz beti lehenengo hitza euskaraz egiten eta euskaraz hitz egiten duen jendearekin jaiez gozatzen; baina, ez dakiten horiekin ere nire gogo eta poza partekatzen dut.

Orokorrean, nabaria da jende gazteak gehiago egiten duela euskaraz eta hizkuntza sustatzeko ahalegina egiten dutela; helduenek, ordea, gazteleraz egiteko joera dute.

Gasteizen maiz kontsumitzen al duzu? Non erosten duzu, zer baloratzen duzu produktu edo zerbitzu batean?

Gasteizen kontsumitzen dut, bai. Baloratzen dudan gehiena gertutasuna da, etxe inguruan ditudan saltokietara joaten naiz normalean, hurbileko komertzioa eta tokiko produktuak lehenesten ditut, eta, noski, eskaintzaren bat badago, askoz hobeto. Gertutasun horren barruan, hizkuntza balio handia da.

Erosketak egiterako garaian, lehen hitza euskaraz egiten duzu?

Saltokiaren arabera izaten da, baina normalean saiatzen naiz euskaraz sartzen eta ateratzen, edo behintzat lehenengo hitza euskaraz egiten. Kontsumitzaile bezala, nahiago dut euskaraz artatua izatea, nire hizkuntza dela sentitzen dudalako eta dendariarekin dudan harremana gertuagoa egiten zaidalako.

Etxean ere, euskaraz?

Euskara giroa sustatzen saiatu gara beti, euskara familiako hizkuntza gisa erabiltzen. Emazteak ez daki euskaraz, baina umeei beti euskaraz egiten diet eta etxeko hizkuntza zein den galdetuko baliete, euskara dela esango lukete.

Nolakoa da, zure ustez, Gasteizko egoera euskararekiko eta nola irudikatzen duzu etorkizuna?

Gero eta hobea dela pentsatzen dut, jendeak ikasteko gogoa badu eta, nahiz eta hizkuntza guztiz ez menperatu, lehenengo hitza erabiltzeko pausoa ematera “ausartzen” dira. Mugak gainditzen ari gara.

Zer esango zenioke Gasteizko merkatariei lehen hitza euskaraz hartzera animatzeko? eta kontsumitzaileari?

Merkatariei gomendatuko nieke euskararen adierazgarri bat eramatea, Bai Euskarari Elkarteak zabaldu duena adibidez, euskara maila zein den jakinarazteko; horrela jakingo dut euskaraz egin dezakedan edo ez, beldur edo inor konprometituta sentiarazi gabe.

Kontsumitzaile edo lagunari esango nioke euskara dela gure hizkuntza eta erabiltzeak merezi duela, euskaraz bizitzea harro egoteko modukoa baita.


"LEHEN HITZAK BALIO HANDIA DU" KANPAINA

Bai Euskarari Elkartetik kontsumoa euskaraz sustatzeko kanpaina bat abian jarri dugu Gasteizen, Udalaren babesarekin. Horren helburua da establezimendu eta kontsumitzaile gasteiztarrei bide berriak irekitzen laguntzea, euskara baliatu beharreko aldagai gisa harturik.

 

 

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago