Araban jokatuko dira Euskal Herriko Itzuliko bi etapa

Erredakzioa 2018ko martxoaren 27a

Euskal Herriko Itzulia apirilaren 2an hasiko da. ITZULIA

Euskal Herriko Itzulia Zarauztik abiatuko da apirilaren 2an eta Eibarren amaituko da bost egun geroago. Hirugarren etapa Gaubean amaituko da, eta bosgarrena Gasteizetik bertatik abiatuko da Eibar aldera.

Euskal Herriko txirrindularitzaren ekitaldirik garrantzitsuena Arabako errepideetatik birritan igaroko da. Lehenengoa hirugarren jardunaldian; apirilaren 4ko etapa edizioko luzeena eta 184,8 kilometrokoa da. Lasterketa Bermeoko Kaia Bidean hasiko da 12:35ean eta Uribarri Gaubean amaituko da 17:16 eta 17:44 bitartean. Etapa honek hiru mendate eta bi sprint izango ditu

Bigarren aldiz, bosgarren etapan izango da; apirilaren 6ko etapa 164,7 kilometrokoa izango da. Lasterketa Gasteizko Mendizabala parkean hasiko da 13:00etan eta Eibarren amaituko da 17:18 eta 17:43 bitartean. Etapa honek hiru mendate eta bi sprint ditu.

Hogeita bi taldek hartuko dute parte, World Tourreko 18 eta gonbidatutako 4, Euskadi Murias esaterako. Movistar eta Caja Rural talde nafarrek ere izango dira. Tropeleko nagusietako asko dute Itzulia haien egutegietan apuntatuta. Besteak beste Mikel Landa, Nairo Quintana, Ion eta Gorka Izagirre, Primoz Roglic, Rui Costa, Julien Alaphilippe edo Romain Bardet.

Aurtengo berrikuntzen artean, kronometroaren aurkako probaren aurrerapena nabarmentzen da. Aurreko urteetan azken etapan izan bada ere, aurten laugarrenean jokatuko da, Lodosan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago