Gasteizko pantailetan, eSporta modan

Erredakzioa 2018ko mar. 24a, 17:23

Fernando 'Rydle' Soria (Baskoniako Akademiako irakaslea) eta Jairo Martos (Akademiako arduraduna).

Kirol berria pantailetan dago, eta e-sports du izena. Baskonia izan da, Espainia mailan, bere taldea sortu duen lehenengo kirol-kluba. Badu ere puntako akademia bat Gasteizen. 

Hogeita hamar urtetik gorako askori txinera irudituko zaie, baina eguneroko ogia da gazteenen artean: e-sports fenomenoa. Nola xakea, hala bideo-jokoak ere kirol bilakatu dira; kirol elektronikoa, alegia. Olinpiar Jokoetan ere egon liteke sei urre barru (Paris 2024). 

Gainerakoen maila berean dago jada pantaila-kirola: soldatapeko jokalari profesionalak ditu, mundu-mailako txapelketak, marka handienen inbertsioa eta milioika zaleen audientziak, bai interneteko bideo-kanalen bidez (Youtube Gaming, Twitch), bai telebista kateen bitartez (Movistar eSport, Neox Games...); era berean, estadioak betetzen ditu, milaka zale biltzen baitira kantxarik handienetan zuzeneko bideo-joko partidak ikusteko.

Astronomikoak dira audientzia-zifrak: 380 milioi ikusle izan zituzten partidek iaz, Newzoo ikerketa-enpresaren arabera. Berdin harrigarriak dira fakturazio-zenbakiak ere: 600 milioi euroko diru-sarrerak izan zituzten iaz, hainbat iturriren bidez, hala nola publizitatea, babesletzak, merchandisinga, emanaldien gaineko eskubideak eta zuzeneko lehiak ikusteko sarreren salmenta. 

 

Hori dena Arabara iritsi egin da, eta ez bakarrik iritsi: estatu mailan, erreferentzia da lurraldea, Baskonia-Alaves Taldea izan zelako e-sports atala sortu zuen lehenengo kirol-kluba 2015ean; egun, Thunder X 3 izena du talde arabarrak –gaming-produktu enpresa babeslearen marka–. Talde profesionalarekin batera, Espainiako akademia gutxienetako bat ireki zuen Arabako klubak irailean, Alaba Jenerala kaleko esperientzia-dendan: Baskonia-Alaves eSports Academy. 

Honezkero, berrogeita hamar ikasle inguru dituzte bideo-joko eskolan, 8 eta 27 urte bitartekoak. Astean bi egun joaten dira ikasleak, haiek aukeratutako jokoetan trebatzera: League of  Legends (LoL), Counter Strike: Global Offensive, Clash Royale, Hearthstone, Fifa eta Call of Duty. Akademiaz arduratzeko, Jairo Martos jokalari sevillar gaztea fitxatu zuen Baskoniak. Harekin batera, ospe handiko beste jokalari bat jo zuen begiz LoL jokoan irakasle lanetan aritzeko: Fernando Rydle Soria, 26 urteko soriarra. Bideo-jokoen profesionalizazioaren hezur-haragizko adibide dira. 

Gero eta profesionalizatuago

ALEArekin izandako solasaldian, bi-biek nabarmendu dute e-sporta ez dela "zortzi orduz ordenagailuaren aurrean egotea". "Jokalariek lan handia egin behar dute, gainerako kirol tradizionaletan bezala", adierazi du Jairo Martok. "Garrantzitsua da fisikoki aktibo egotea, entrenamendu-errutinak edukitzea, elikadura osasuntsua izatea eta mentalki  prestatzea", zehaztu du. Topikoak gainditzeko, ildo berean mintzatu da Fernando Soria: "Hau ez da gantxitoak jaten pantailara engantxatua egotea. Akademian, alderdi asko lantzen ditugu: estrategia, talde-lana, sare-sozialen kudeaketa, jarrera...". Horiek landuta, Gasteizko ikasle batzuek liga amateurretara salto egin dute, eta horietako batzuek maila profesionala dute jomuga. 

Pentsaezina zen profesionalizazio maila hori duela hamar urte: "Hasi nintzenean, 19 urterekin, ez genuen ez entrenatzailerik, ez babeslerik, ez zabalpenik; urrats handiak egiten ari gara kirol hau profesionalizatzeko, eta, honezkero, munduko estadiorik handienak bete egiten dituzte zaleek jokalari onenen partidak ikusteko". 

Jarraitzale-olatuaz jabetzeko ez dago Korea, Japonia edo Estatu Batuetara joan beharrik; ezta Madril edo Bartzelonara ere. Badaude gertuagoko adibideak: Donostian, Gamegune txapelketak munduko elitea eta zale ugari biltzen ditu, eta 400.000 jarraitzaile inguru ditu internet bidezko zuzeneko emanaldietan. Gasteizen bertan, kirol digitalen ikuskizun garrantzitsuenetako bat egin zuten joan den azaroan Buesa pabiloian; zehazki, World Electronic Sports Games (WESG) txapelketako Iberiako norgehiagokak izan ziren Zurbaon. 

Norgehiagoka xumeagoak ere antolatu ohi ditu Baskonia-Alaves akademiak. Joan den larunbatean, esaterako, 50 pertsonatik gora bildu ziren tranbia ondoko dendan, Crash Royale txapelketan. 

Unibertsitate berrian, gradu bat

Unibertsitatera ere salto egin dute kirol elektronikoek, eta Gasteizen bertan bideo-jokoekin lotutako gradu bat irekitzeko asmoa iragarri zuen urrian Saski Baskoniako presidente Josean Kerejetak.  Zehazki, ikasketa-zentro pribatu bat abiatu nahi du, EUNEIZ izenekoa (European University Gasteiz), Udalak eta Arabako Foru Aldundiak babestuta eta beste bi unibertsitate katalanen eskutik. Kokapena ez dute zehaztu, baina bost gradu iragarri dituzte honezkero: Bideo-jokoetarako Sormen artistikoa, Eduki digital interaktiboa, Ekoizpen musikala, Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientziak eta Fisioterapia. 

Baskoniaz harago, badago euskaraz aritzen diren bideo-jokalarien komunitate bat: Game Erauntsia, gamer euskaldunak biltzen dituena. 

 

Gasteizen entrenatu, munduan lehiatzeko

 

Urtero fitxajeak egiten ditu Baskoniak, bideo-jokoen esparruan ere nazioartean lehiatzeko. Maila profesionalean, bost jokalariko taldea eta entrenatzailea du Counter Strike: Global Offensive jokoan aritzeko. Horrez gain, Hearthstone izeneko jokoan lehiatzeko fitxaje berria egin zuen duela bi hilabete: Laura Arya Molina, Elxeko jokalaria (Valentzia). Europarako sailkatu ostean, Txinako munduko finalera eraman zituen kolore gorri-urdinak joan den astean; alabaina, ez zuen garaipenik lortu. Jokalari profesionalak ez ezik, lehiakide amateurrak ere baditu Gasteizko klubak: Baskonia eta Alaves izeneko bi talde League of Legends jokoan aritzeko, eta hirugarren bat Clash Royalean jokatzeko. Harrobia lantzeko ahalegin horretan, Aste Santuko Campusa antolatu du akademiak apirilaren 3tik 6ra bitartean, bideo-jokoetan aritzeko teknika eta taktika hobetu nahi dituztenentzat. Doako jokoen campusa Bestalde, doako bideo-jokoei buruzko munduko lehenengo campusa egingo dute Artiumen uztailetik urrira bitartean (Free to Play jokoei buruzkoa, hain zuzen). Sei taldeek joko bana sortu beharko dute. Eusko Jaurlaritzak bultzatu du ekimena, bideo-jokoekin lotutako enpresen Basquegame elkartearen bidez eta Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak babestuta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide