"Suhiltzaileen lanaren mamia da lurraldearen ezagutza zehatza"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko mar. 26a, 08:30
Javier Carro, Arabako Suhiltzaileen erakundeko zuzendaria. PHOT.OK

Herrialdeko suhiltzaileen zerbitzua hogeita lau orduz zabaltzeko erabakiak inbertsio handiak ekarri ditu, bai azpiegituretan zein langile kopuruan ere. Javier Carrok zuzendu du 2017. urtearen hasieratik prozesua, eta pozik dago emaitzarekin.

Urte luzea igaro da Arabako Suhiltzaileak foru erakunde autonomoa sortu zenetik, Batzar Nagusien aginduz, eta Javier Carro Iglesias (Izarra, 1960) izendatu zuten erakundeko zuzendari-kudeatzaile. Denbora tarte horretan, oinarrizko hainbat proiektu aurrera atera ditu Carrok, hala nola suhiltzaileen Lan Eskaintza Publikoa, IruÒa Okako parke nagusiaren eraikuntza eta herrialdeko suhiltzaile-parkeen sarea hogeita lau ordutara zabaltzea. Prebentzioan indarra jarri nahi du etorkizunera begira, Carroren esanetan, ezbeharrei aurre hartzea delako suhiltzaileen lanaren gakoetako bat. 

Apirilaren 9an inauguratuko duzue Langraiz Okako suhiltzaile-parke nagusia. Zer abantaila ekarriko ditu? 

Gainerako suhiltzaile-parkeen erreferentziazko  gunea izateko jaio da parke nagusi berria, sostengua emateko. A1 errepidearen ardatzean kokatuta dago, 40.000 ibilgailu ibiltzen dira errepide horretan egunero, eta gainera toki estrategikoan dago, herrialdearen erdian. Bestalde, IruÒa Okako parkea bikoitza da, bi suhiltzaile-talde dituelako.

Zenbat lagun ditu suhiltzaile-talde bakoitzak? 

Lau suhiltzaile dira, hiru suhiltzaile eta laugarren bat nagusiaren lanak egiten dituena. Parkearen arduraduna dago ere, baina ezbeharretara beti doaz lau suhiltzaile. Langraiz Okako parkearen kasuan zortzi suhiltzaile egongo dira.

Uztailean zabalduko dituzue ere Aguraingo eta Kanpezuko parkeak hogeita lau ordutara.

Herrialdeko sare osoa hogeita lau ordutara izateko konpromisoa zegoen, Arabako Foru Suhiltzaileak erakunde autonomo gisa sortu zenetik. Aiaran dagoen suhiltzaile-parketik jaio zen asmoa, parke hori hogeita lau ordutara irekita baitago 70. hamarkadatik. Parkerik zaharrena Gasteizkoa da, ehundik gora urte ditu, baina Aiarakoa sortu zen gero, eta hortik abiatuta Guardiakoa jaio zen, hamabi ordutara eta bitarteko funtzionarioekin; Espejokoa etorri zen gero, eta Agurain eta Kanpezu dira berrienak. 2017ko urtarrilean lortu genuen Guardia hogeita lau ordutara zabaltzea, eta uztailean Espejo. Kanpezu eta Agurain zabaltzea geratzen zitzaigun.

Arabako zenbat eskualde daude airean orain? 

Oraingo seiak hogeita lau ordutara zabalik ditugunean, 2019. urtean, eseriko gara eta ikusi beharko dugu. Gorbeialdeko zerbitzua Gasteizko parkearekin betetzen ari gara; Abetxukun dagoenez, Legutiora eta Zuiara irteera zuzena dute. Dena den,  2016, 2017 eta 2018 urteetako jarduera txostenaren arabera aztertu behar dugu beharrezkoa den parke berri bat zabaltzea Gorbeialdean, Zuia, Urkabustaiz edo Legutio aldean, edo Gasteizko laguntzarekin nahikoa den.

Erabakia hartu gabe dago orduan?

Bai. Irizpidea da hogei minutuko tartean suhiltzaileak balizko ezbeharretara iritsi behar direla, eta orain Gasteizko parkearekin iristen ari gara oso ondo Murgiara, Izarrara... baina herri horietatik urruntzen garenean ozta-ozta iristen gara. Dena den, Langraiz Okako parketik aterako gara orain ere, eta Kuartango aldetik iritsi gaitezke Urkabustaizko hainbat herritara. Hurrengo urtean ikusi behar dugu pena merezi duen edo ez parke berri bat egitea.

Suhiltzaile eta azpiegitura nahikoa daude Arabako beharrak atenditzeko? 

Begi-bistakoa da. Batzar Nagusiek erakunde autonomoa onartzen dutenetik, parke horiek guztiak hogeita lau ordutara egon behar direla erabakitzen dute. Horrenbestez, bikoiztu behar izan dugu parke horien guztien suhiltzaileen kopurua, eta hamabitik hogeita lau suhiltzailera pasatu dira parkeak, eta Langraiz Okakoan berrogeita zortzi izango dira.

Lan Eskaintza Publikoak behar berri horiek betetzeko balio izan du?

94 suhiltzaile funtzionario hasiko dira lanean LEPa bukatzen dugunean. Langileen kopurua izugarri igo da diseinu berriagatik. Halere, hurrengo urtean ikusi behar dugu zer gertatzen den, adibidez, Gasteizko parkearekin. Inguruan 65 herri txiki ditu Gasteizek, eta hemendik aurrera, esate baterako, Langraiz Okatik azkarrago iritsiko gara  herri horietara Gasteizko parketik baino. Aztertu beharko dugu nola egin.

Lan Eskaintza Publikoaren garapenaren eta emaitzaren inguruan zer balorazio egiten duzu?

Oso positiboa. Urte baten buruan gauza izan gara LEP bat egiteko, eta urte honetan ere hemezortzi suhiltzaile plaza berri sortuko ditugu, Aguraingo eta Kanpezuko parkeak osatzeko. Bestalde, konpromisoa hartu dugu 2019ko LEParen bitartez beste berrogei bat lanpostu betetzeko, izan ere, hogeita hamasei arduradun behar ditugu suhiltzaile-parkeetan, eta plaza horiek betetzen joaten diren neurrian suhiltzaileen plaza berriak sortuko dira. 

Zenbat suhiltzaile izango dira Araban urte amaieran?

2018ko langileen zerrendan 184 aurreikusita daude. 

Zein profil dute?

LEP-etik atera diren suhiltzaileen batez besteko adina berrogei urte dira, esperientziak puntu asko eman dituelako. Hurrengo oposizioan uste dugu jende gazte gehiago sartuko dela, esperientziak ez duelako horrenbeste puntuatuko; plaza horietan ikasketek eta froga fisikoek balio gehiago izango dute.

Zenbat emakume aurkeztu dira, eta zenbatek gainditu dute oposizioa?

Ez du arrakasta handirik izan emakumeak sartzeko saiakerak, baina uste dugu ideia ona dela. Planteamendua izan da suhiltzailea izateko froga fisiko bakarra egon behar dela eta hautagai guztiek gainditu behar dutela. Suhiltzaileak gauza izan behar dira 70 edo 80 kiloko pisua duen pertsona bat mugitzeko eta dagoen tokian dagoela, bertatik ateratzeko. Suhiltzaile baten gutxienekoak bete behar dituzte, eta, listo, ez gutxiago eta ez gehiago. 270 hautagaietatik soilik bi emakumek gainditu dituzte froga fisikoak, eta uste dugu eskema egokitu behar dugula oso gutxigatik ez direlako sartu beste hiru edo bost emakume, hainbat froga espezifiko ez zituztelako entseatu. Alderdi hori zuzendu behar dugu, baina eredua zuzena da.

Zenbat balio du suhiltzaile parke bat hogeita lau orduz zabalik izateak?

Urtero milioi bat euro baino gehiago. Arabako Suhiltzaileak erakundea sortzen dutenean guztia hogeita lau ordutara joan behar dela erabakitzen dute, eta horrek behar ekonomikoak sortzen ditu. Zortzi milioi euroko aurrekontutik hamaika milioi euroko aurrekontura pasatu gara, kontuan hartu gabe azpiegituren inbertsioak beste sail batzuek ordaintzen dituztela. 

Zertan islatzen da diru inbertsio hori?

Lehen baino azkarrago iristen gara tokietara eta ezbeharrak errazago ekiditen ditugu. Horregatik interbentzio asko ditugu baina gero eta txikiagoak dira, garrantzi gutxikoak. Eraginkorragoak gara.

Zeintzuk izan dira suhiltzaileen jarduera nagusiak azken urtean?

2017. urtean 1.289 esku-hartze egin ditugu. Gehienak, %34, animalien neutralizazioak izan dira, batez ere liztor asiatikoaren eta erleen abaraskak kentzea. Suteak %27 izan dira, eraikinetakoak, baso suteak, autoenak… Gure jardueren esparrua askotarikoa da; salbamenduak ere egiten ditugu, %15 iragan urtean, etxeetan edo mendietan, errepidean. 

Buruhauste handiak ematen ari dira negu honetan etxeetako tximinietan sortutako suteak.

Azken neguak oso luzeak izaten ari dira eta tximiniak asko erabiltzen ari dira herrietan; tximiniek ematen dute ematen dutena, eta maiz sortzen dira ezbeharrak. Bestalde, konturatzen ari gara, batzuetan, pertsona zaharrek ez dituztela jarri nahi hainbat udalek eskaintzen dizkieten kea antzemateko gailuak edo ez direla konturatzen pizten direnean. Hori konpontzeko esperimentu pilotu bat egingo dugu, Jokanon. Jarriko ditugu kea antzemateko gailu batzuk irrati uhinen bitartez suhiltzaile-parkearekin edo zentralita batekin konektatuta daudenak; horrela, gailuak kea antzematen duenean seinalea emitituko du, eta zentralitatik telefonoz deituko dute jakiteko arazoren bat dagoen. Denbora asko aurreztuko dugu eta lasaiago ibiliko dira edadetuak. 

Etorkizunera begira egitasmo berri gehiago dituzue?

Prebentzioan eraginkorrak izan nahi dugu. Landa eremu nagusietan eraikinak eta sarrerak aztertu ditugu, zerrendatu ditugu oso kale estuak dituzten tokiak, kamioiak non ezin diren sartu; eraikinen egiturak ere identifikatu dira, zeintzuk diren hormigoizkoak eta su-hesiak izan daitezkeenak, eta zeintzuk egurrezkoak. Halaber, udalekin lan egiten ari gara, herritarrei jakinarazteko teilatuak konpontzen dituztenean zer material erabili behar diren suteak hobeto ekiditeko.

Non egin dituzue azterketa horiek?

Guardian egin genuen esperimentu pilotua eta erreferentea, eta ondoren Errioxako herri guztietan egin dugu, Aguraingo Kuadrillan eta AÒanako herri handietan ere. Behin gizakien segurtasuna bermatu ostean, hurrengo urratsa ondarea babestea izango da.

Nola egiten da hori?

Identifikatu behar ditugu zer eraikin historiko inportante dauden herrietan, eta zerrendatu behar ditugu. Museo batean sute bat egonez gero, suhiltzaile batek zer eraman behar duen jakiteko, balio handiena duena zer den jakiteko. Eraikin publikoetan, elizetan, museoetan edo eraikin partikularretan egin nahi dugu azterketa. Hori egiteko, Arabarriren lana berreskuratzen ari gara eta bi arkitektoren laguntza dugu. Hemen dago gure ofizioaren mamia, lurraldearen ezagutza zehatza izan behar dugu eta suhiltzaileak horretan trebatu behar ditugu.

Fernando Martinez de Ilarduia izena hartuko du parke nagusiak

Langraiz Okako suhiltzaile-parke nagusia "Fernando Martinez de Ilarduia Suhiltzaile-Parkea" bataiatu dute, 2016. urteko abenduan zendutako Diputazioko Larrialdietako Zerbitzuko langilearen omenez.   Arabako suhiltzaileen erakundea sortzeko eta sustatzeko urte luzez egin zuen lan "nekaezina" eskertu nahi dute modu horretan. 

Parkearen inaugurazio ofiziala apirilaren 9an izango da, baina hilaren 14an omenaldia egingo diote bertan Martinez de Ilarduiari, eta ekitaldi horretan haren omenez jarritako plaka erakutsiko dute.Langraiz Okako suhiltzaile-parkea.PHOT.OK

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide