Errekaleorreko auzia "elkarrizketarekin" konpontzeko eskatu dute

Erredakzioa 2018ko mar. 22a, 16:40
Lourdes Oñederra idazlea eta Javier Armentia astrofisikoa.

"Hitza sustatzeko" adierazpena plazaratu dute, besteak beste, Lourdes Oñederrak, Daniel Castillejok eta Javier Armentiak.

"Errekaleor Gasteizko auzo historikoa da, gasteiztar askoren oroimen bizia, hiriaren ondarea. Horregatik, adierazpen hau sinatzen dugunok Errekaleorreko auzia hitzen bidez konpondu dadin eskatzen dugu. Dei egiten diegu Gasteizko udal gobernuari –eraikinak Gasteizko Udalak erosi baitzuen– eta bertan bizi direnei elkarrizketari bidea emateko. Gure hirian, maiz, jakin izan dugu ezberdinen artean elkarrizketa, tolerantzia eta elkarbizitza sortzen. Hiri eredu hori aldarrikatu nahi dugu berriz ere."

Adierazpen honekin elkarrizketarako deia egin dute Gasteizko hainbat lagun ezagunek. Roberto Ercilla arkitektoak, Lourdes Oñederra EHUko irakasle eta idazleak, Elisa Rueda irakaslea eta poetak, Javier Armentia Iruñeko Platenarioko zuzendariak, Blanca Urgell EHUko irakasleak, Daniel Castillejo Artiumeko zuzendariak, Eva Silvan Save the Childreneko kideak, Miguel Angel Ruiz eta Rosabel Argote CEAReko kideek, Javier Argote Arabako Kontsejuetako presidente ohiak eta Txaro Arrazola artistak bat egiten dute idazkiarekin.

Hain zuzen, bihar Gasteizko udaletxean izango den eztabaidaren aurretik plazaratu dute idazkia, PPk auzoa botatzeko mozioa aurkeztu baitu, eta oposizioan dauden taldeek –EH Bildu, Podemos eta Irabazik– osoko zuzenketa bat. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide