Pausu bat gehiago Top 8-ra bidean

Erredakzioa 2018ko mar. 22a, 10:06
Argazkia: euroleague.net

Garaipen erosoa lortu zuen Baskoniak Brose Bamberg talde alemaniarraren kontra (103-79).

Hiru jardunaldi besterik ez dira falta Euroligako lehen fasea bukatzeko. Zortzi talde onenen behin betiko zerrenda ixten ari da pixkanaka, eta Baskoniak Top 8 horretan sailkatzeko azken esfortzua egin beharra dauka oraindik. Zorionez, badirudi Pedro Martinezen mutilak sasoi betean iritsi direla denboraldiko partida erabakigarrietara eta atzokoan erakustaldia eman zuten Brose Basket-en kontra.

Partidan buru belarri atera ziren jokalari gasteiztarrak, eta hasiera batetik eutsi zioten jokoaren kontrolari. Alemaniarrek aldiz, dagoeneko ez dute hurrengo faserako sailkatzeko aukerarik eta gainera azken astean entrenatzailea aldatu berri dute. Itxura ona ematea beste pizgarririk ez zuten Baskoniaren kontrako partidan eta hori ez zen nahikoa izan gasteiztarren grinari eusteko.

Beste behin, Granger joko antolatzaileak taldearen gidaritzari heldu zion (17 puntu, 7 asistentzia) eta gainontzeko taldekideek uruguaiarrak jarritako erritmoari jarraitu zioten. Talde lanean eta defentsa sendo batean oinarrituta, minutuz-minutu markagailuan aldea areagotzen joan ziren.

Pausuz pausu, Top 8-ra gerturatzen ari dira gasteiztarrak. Atzokoan gainera Maccabik bere partida galdu egin zuen Fenerbacheren kontra (87-73) eta sailkapenean, zortzi onenen artean sailkatzeko lehian, atzean geratzen ari dira israeldarrak.

Ostiral honetan, Bartzelonaren kontra jokatu beharko du Baskoniak, ibilbide luzearen amaiera ikusten hasia da Euroligako fase erregularra.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide