Euskaraz artatua izatea: Eskubidea eta bikaintasunaren seinale

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2018ko martxoaren 20a

Karmele Jaio

Komunikazioa da Karmele Jaioren lanbide eta bizibidea. Emakunden egiten du lan eta, lan-ordutik kanpo, edozein momentu baliatzen du idazteko. Euskaraz lan egiten du eta euskaraz  bizi  da Jaio, kazetari gasteiztarra, eta bere hirian euskarazko espazioak sustatzeak dituen balioez aritu da, "Lehen Hitza euskaraz" kanpainatik abiaturik.

Liburu guztiak euskaraz idatzi dituzu. Arrakastaz. Adibide argia: Amaren Eskua. Harrituta?

Bai, bereziki nire lehen nobela izan zelako. Poz handiak eman dizkit liburu horrek. Eta jende asko hurbildu zait liburuan euren burua aurkitu dutela esanez, eta hori oso pozgarria da idazle batentzat.

Literaturak hizkuntza ohituretan izan dezake eragina?

Noski. Euskaraz irakurtzen duenak joera eta erraztasun handiagoa izango du euskaraz bizitzeko. Euskaraz sortzen denaz gain, nik uste hor oso garrantzitsua dela itzulpenen kontua. Euskaraz irakurri ahal izatea atzerrian sortzen diren hainbat obra, derrigorrez gaztelerazko itzulpena edo frantsesezko itzulpena irakurtzeko beharra izan gabe.

Gasteizen maiz kontsumitzen al duzu? Zer baloratzen duzu produktu edo zerbitzu batean?

Kontsumitzen dudan gehiena Gasteizen kontsumitzen dut. Eguneroko kontsumoa nire auzoan egiten dut gehienetan. Eta bestelakoa, hiri erdiko dendetan gehienetan. Zerbitzuan baloratzen dut tratua, eta tratuaren barruan nire hizkuntzan aritu ahal izatea ere bai.  

Erosketak egiterako garaian, lehen hitza euskaraz egiten duzu? Eskertzen duzu euskaraz artatua izatea?

Bai. Saiatzen naiz. Eta asko eskertzen dut euskaraz artatua izatea. Niretzat eskubide kontu bat izateaz gain, denda horrek eskaintzen duen bikaintasun seinale bat ere bada

Zein balio du zuretzat euskarak egunerokotasunean? zer eskaintzen dizu?

Balio handia. Euskaraz bizi nahiko nuke, eta iruditzen zait euskaraz eginez gero, gure ingurukoengan euskararen erabilera sustatzen ari garela aldi berean. 

Etxean ere, euskaraz?

Bai, gure artean euskaraz egiten dugu. Hala ere, kontuan izan behar dugu zelako indarra duen gaztelerak gure gizartean. Ikusten baitut bai nire etxean eta bai nire inguruan umeak haziz doazen heinean, gaztelerak gero eta eragin handiagoa duela haiengan eta erne ibili beharra dugu horretan.

Nolakoa da zure ustez Gasteizko egoera euskararekiko eta nola irudikatzen duzu etorkizuna?

Perspektiba izatea beharrezkoa da. Ni umea nintzenean ez zen ia euskararik entzuten hiri honetan. Gaur ohikoa da, bereziki zenbait guneetan. Erronka handia dugu: denon artean lortu dezakegu euskarak gora egitea hain ohikoa ez den beste eremu batzuetan ere.

Zer esango zenioke Gasteizko merkatariei lehen hitza euskaraz hartzera animatzeko? eta kontsumitzaileari?

Ba euren ekarpena oso baliotsua dela. Euskarak biziraun nahi badu arlo guztietara zabaldu behar dela, eta merkatariek zerbitzu bat eskaintzen duten heinean, gainera, uste dut  bikaintasun zigilu bat modukoa dela baita ere euskara erabiltzea, eta kontsumitzaileari euskaraz kontsumitzeko aukera ematea.


"LEHEN HITZAK BALIO HANDIA DU" KANPAINA

Bai Euskarari Elkartetik kontsumoa euskaraz sustatzeko kanpaina bat abian jarri dugu Gasteizen, Udalaren babesarekin. Horren helburua da establezimendu eta kontsumitzaile gasteiztarrei bide berriak irekitzen laguntzea, euskara baliatu beharreko aldagai gisa harturik.

 

 

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago