Aurreko astean hezkuntza publikoaren langileek greba egin zuten, eta asteon, berriz, itundutako ikastetxeen irakasleen txanda izango da. Izan ere, gaurko protesta eguna deitu dute gizarte ekimeneko zentroek; zehazki, Kristau Eskola eta Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoan (IZEA) daudenak. Horien artean aurkitzen dira Corazonistas, Marianistas eta Virgen Niña, besteak beste. Ikastolen elkarteko zentroak, esaterako, ez daude grebara deituta.
STEILAS, CCOO, LAB, ELA eta UGT sindikatuek ikastetxe hauetako 1.800 langileak deitu dituzte grebara. 36 hilabetez negoziatzen egon ostean, sindikatuek eta patronalek ez dute hitzarmenaren gaineko akordiorik lortu. Sindikatuen esanetan, egoera hau Kristau Eskola eta IZEAren "borondate ezagatik" eman da.
Hitzarmen berrian soldatak izoztuta egoteari uztea eskatzen dute irakasleek, azken hamar urteetan bere horretan mantendu baitira. Horrez gain, lan karga murriztea eskatzen dute. CCOOren arabera, "beti egiten dute irakastordu kopuru maximoa". Era berean, 0-3 urte bitarteko irakasleen eta laguntzaileen lan baldintzak hobetzeko neurriak sartu nahi dituzte hitzarmen berrian.
Gizarte ekimeneko zentroetako irakasleek manifestazioa egin dute goizean, 11:30ean, Arka plazatik abiatuta.