Valentzia taldea denboraldi bikaina egiten ari da. Bolada ezin hobean dago. Larunbatean argi eta garbi erakutsi zuen gorabidean dagoen taldea dela.
Alaveseko jokalaririk onena Pacheco izan zen. Erdiraketak bai eskuin aldetik zein ezker aldetik ailegatzen ziren, jaurtiketak ere mota guztietakoak izan ziren, eta ia-ia guztietan hor agertu zen atezaina. Halere, hiru aldiz joan behar izan zuen saretara baloia jasotzera. Horietariko batean, Laguardiak, urrundu nahian, bere atean sartu zuen.
Talde arabarra lehendabiziko minutuetan soilik izan zen gai norgehiagokari aurre egiteko. Ondo kokatuta zelairatu zen, eta aukera paregabea izan zuen markagailuan aurrea hartzeko, Sobrinoren bitartez. Baloia zelai erdian lapurtuz gero Munirrek erdiraketa neurtua egin zuen, eta Sobrinoren burukada ederrari erantzun ezin hobea eman zuen Neto atezain valentziarrak. Hor bukatu zen arabarren ametsa.
Lehen gola 19. minutuan egin zuen Rodrigok. Jokaldi zoragarria izan zen eta bukaera paregabea. Hortik aurrera, Valentzia behin eta berriz aritu zen erasora. Sasoi betean dago eta horren aurrean Alavesek ezin izan zuen gauza handirik egin. Bigarren gola berehala ailegatu zen, 34. minutuan, hain zuzen ere. Parejok eskuin hegaletik falta atera eta Zazak ia-ia jokoz kanpo egonda saretara bidali zuen baloia.
Bigarren zatia hasi bezain pronto, Sobrinok egindako golak esperantzarako bidea ireki zuen. Pozak gutxi iraun zuen, bost minutu geroago Laguardiak baloia bere atean sartu baitzuen. Berdinketatik porrotera. Hortik aurrera aukera gehienak Valentzia taldearenak izan ziren. Alaveseko jokalariak etsita, eta Abelardok egindako aldaketek ez zuten jokoa pizteko balio izan.
Gutxienez, hiru porrot jaso ondoren jaitsiera, oraindik orain, hamar puntura dago. Halere, taldeak bere nortasuna berreskuratu behar du ahalik eta lasterren helburua lortzeko.