Emakumezkoen kirolaren ikusgarritasun eza, kirol profesionalean jarduteko emakume eta gizonen arteko baldintza desberdinak edo emakumeek aurre egin behar dioten matxismoa, bai eta kirolean aritzeko, espazioak bereganatzeko eta euren balioa aldarrikatzen jarraitzeko erabaki sendoak jasotzen ditu Rompiendo moldes dokumentalak. Bertan, 12 emakume arabarrek emakumezkoen kirolaren egoeraz hausnartu dute euren esperientziatik. Diziplina, ibilbide eta ikuspuntu desberdinetatik.
Arantzazu Alonso, Maitane Carballo eta Olatz Alonsok osatutako taldeak Arabako emakume kirolari, entrenatzaile, zuzendari eta epaileen bizipenak bildu ditu “erreferente berriak izateko” helburuarekin. Izan ere, “ereduak izatearen garrantzia azpimarratu” nahi izan dute hiru egileek. “Erreferenteei buruz hitz egiterakoan sona handiko kirolariak etortzen zaizkigu burura. Horietako emakume ugari ditugu Araban eta harro egoteko modukoa da. Baina dokumentala garatu ahala, ezezagunak diren eta euren bizipenak aldarrikatzea merezi duten emakume asko daudela ikusi genuen”, azaldu dute.
Dokumentalean kirolean ibilbide oparoa izandako kirolariek hartu dute parte, Eli Pinedok kasu, baita euren ibilbideen momentu onenean dauden beste batzuk, hala nola, Athletic-eko Yulema Corres jokalariak, Movistar Team- eko Lourdes Oiarbide txirrindulariak, estatuko curling-eko adierazle nagusia den Irantzu Garciak edo Marta Tudancak, Lacturale ART Araskiko jokalari nagusietako batek. Araskiko lehendakari Livia Lopez eta Gaztediko lehendakari ohi Aitziber Ibaañez de Gauna zuzendaritza guneetan emakume izateak eskatzen duen esfortzuaz arituko dira. Made Urieta eta Idurre Frias entrenatzaileek eremu teknikoetan aukerak izateko zailtasunak azalduko dituzte. Ione Elorzak, Badaiotz sokatirako lehendakariak, kirol gutxituetako egoera azalduko du eta Ana Agirianok, Zuzenak klubeko entrenatzaileak, egokitutako kirolarena.
“Badakigu guk jasotakoa Araban kirolaren inguruan jarduten diren emakumeen lagin txiki bat baino ez dela. Lan honekin izeberg horren puntatik haratago joateko lehen pausua ematea espero dugu, emakume horien esperientziak eta lana ezagutzera ematera eramango duena. Ziur gaude oraindik bizipen oso interesgarriak geratzen direla itzalpetan, neska gazteentzat eredu eta inspirazio izan daitezkeenak”, nabarmendu dute bultzatzaileek.
Dokumentala, Gasteizko Udaleko Haziak lehiaketako proiektu irabazleetako bat, gaur, martxoak 16, aurkeztuko dute Aldabe gizarte etxean, 20:00etan.