Eguneroko joan-etorrietarako aukera bakarra

Anakoz Amenabar 2018ko mar. 17a, 09:08
Fran Alonso, Arene elkarteko kidea.

Mugikortasun arazoak dituzten lagunentzako taxi zerbitzuko laguntzak murriztu dituztela salatu dute hainbat elkartek; besteak beste, erabiltzaileen errenta kontuan hartuko du Aldundiak.    

Egunerokoan beharrezkoa du Fran Alonsok taxia. Mugikortasun arazoengatik garraio kolektibo arrunta erabiltzea ez da ariketa erraza harentzat, norbaiten laguntza ez badu, eta egokitutako taxi zerbitzuak soilik eskaintzen dio aukera hori. Mugikortasun zailtasun larriak dituzten pertsona ugariren joan-etorrietarako aukera bakarra da taxia, baina garraio modu hori ere murriztu egin dute azken hilabeteotan, eta "haserrea" sortu du erabiltzaileen artean. "Ulertu behar dugu taxi hauek ez direla kapritxo bat, gutako askorentzat aukera bakarra baizik", nabarmendu du Alonsok, Arene Eritasun Neuromuskularren elkarteko presidenteak. 

Arabako Aldundiak eta Udaletxeek elkarrekin kudeatzen zuten zerbitzua soilik Aldundiaren esku dago azaroaz geroztik. Hala, udalerri guztietara zabaldu dituzte taxia erabiltzeko laguntzak, eta bateratu egin dituzte horiek jasotzeko betekizunak. Taxi bonu bat eskuratzeko aukera zuten duela gutxi arte, eta aurrez ordaindutako txartel baten bidez egingo dute aurrerantzean. Desgaitasun handiak dituzten pertsonentzako garraio alternatiboa lurralde osora zabaldu eta aukera berdinekin eskaini nahi dute. "Aldaketa horiek berdindu egingo ditu mugikortasun arazoak dituzten arabar guztiak laguntzak eskuratzeko orduan, hedatu egingo baitira eta denei betekizun berak eskatuko baitzaizkie", esan zuen Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatuak zerbitzua Aldundiak hartu eta gero. Aldaketa horren atzean, ordea, bada bestelakorik. Izan ere, "zorroztu" egin dituzte laguntza jasotzeko baldintzak. Besteak beste,    onuradunek ezin dute kotxerik izan euren izenean, 16 urte baino gehiago izan behar dituzte eta errentaren araberako laguntza jasoko dute. Kexa ugari eragin dituzte irizpide aldaketek, bono-taxia erabiltzen zuten hainbat lagun kanpoan utzi dituelako.

Baldintza aldaketek baino, halere, irizpide horien inguruko erabakiak mugikortasun arazoak dituzten lagunekin hitz egin gabe  hartu izana mindu ditu. Desgaitasun fisikoa duten Eginaren Eginez elkarteko eledun Igor Nabarrok Aldundiak kolektiboarekiko "konpromiso falta" erakutsi duela salatu du: "Ez genuen halako aldaketarik espero, eta are gutxiago gurekin kontaktuan jarri gabe. Errealitatea ez dute ezagutzen halako erabaki bat hartzeko, eta, noski, erreklamazio ugari izan dira".

Ibilgailua bere izenean   

Iaz 532 lagunek baliatu zuten programa, eta aurten hainbat kanpoan geratuko direla gogoratu dute, edota diru-laguntza murriztuko zaiela –880 euro dira gehienez–. Arene elkartean, esaterako, 25 lagunek erabiltzen zuten zerbitzuan iaz; %30 bat geratu da laguntzarik gabe, eta beste %30 bati murriztuko diote. "Nire kasuan diru-laguntza txikiagoa jasoko dut aurten, eta konformatu beharko dut. Baina gogoratu behar dugu guk dugun mugitzeko aukera bakarra egokitutako taxia dela, garraio publikoa beste norbaiten laguntzarik gabe erabili ezin dugunontzat alternatiba bakarra", nabarmendu du Alonsok. Egokituta dauden taxiek –hogei bat daude Gasteizen–, ohiko bidaia egiteaz gainera, atarira edo behar den lekura heltzen laguntzen diete gidariek: "Gutako gehienok eguneroko errehabilitazio saioetara joateko erabiltzen dugu, ez da oporretan joateko garraio bat...". Nabarrok gogoratu du egokitutako taxi gutxi daudela, eta, beraz, jende gehiago mugitzen den orduetan zailagoa dela bat hartzea, eta gehienetan garestiagoa dela egiten duten ibilbideagatik: "Diskriminazio zuzena iruditzen zaigu. Zergatik ordaindu behar dugu guk bikoitza?".

 

Mugikortasun arazoa duen pertsonaren familian egokitutako kotxe bat izatea, bestalde, gehienetan "beharrezkoa" dela gogoratu dute, bidaia luzeetarako batik bat. Euren izenean izaten dira kotxean egin behar diren egokitzapenengatik diru laguntza jaso ahal izateko. "Horrek ez du esan nahi, noski, pertsona horrek gidatzen duenik. Normala da gidatzen duenari taxirako laguntza ez ematea. Alegia, gurasoek edo bikoteek gidatu ohi dute, baina horrek ez du esan nahi 24 orduz txoferra izango duenik pertsona horrek", adierazi du Alonsok. "Kotxea egokituta izan behar da, batez ere Arabatik kanpora joateko, baina horrek ez du esan nahi egunerokoan taxia behar ez duzunik".

1989. urtetik 12 urte edo gehiago izatea zen betekizuna, eta 16 urte izango da hemendik aurrera. Aspacek, garuneko paralisia duten pertsonei laguntzeko elkarteak, baldintza horrekin elkarteko lagun gehienak kanpo geratuko direla salatu du. Eta beste horrenbeste desgaitasun psikikoa %52tik gorakoa ezin izan daitekeela esaten duen baldintza berriarekin. 

Garraio egokituaren zerbitzua Aldundiaren eskumena izanik, legez  aurrekontu zehatz bat dagoela argitu du Nabarrok, eta, beraz, eskaera handia izatekotan, baldintzak bete arren laguntzarik gabe kanpoan gera daitezkeela beste hainbat: "Mugikortasuna ahalbidetzeko laguntza bat da, beste garraio bat hartu ezin dutenentzat, eta eskubide hori ezin da errentagatik murriztu".

Dekretu berriaren inguruko balorazioa egiteko bilera izan zuten duela bi aste Gizarte Zerbitzuko Sailean, eta "egoera aztertu" egingo dutela azaldu zuen Olabarrietak, "ahalik eta murrizketa gutxien egiteko". "Jasotako ekarpenak baloratu eta benetako gizarte gai bat bezala kontuan hartzea espero dugu", azpimarratu du Alonsok.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide