Azkenik zortzi onenen artean

A. Martinez de Luna 2018ko mar. 16a, 11:46
Argazkia: euroleague.net

Zalgirisen kontra garaipena lortu ondoren (84-64), playoff-ak jokatzeko postuen artean kokatu da talde gasteiztarra denboraldian lehendabizikoz.

Liga erregularra bukatzeko lau partida falta badira ere, Baskoniak zortzi onenen artean sailkatzeko aukera eskura dauka.  

Urte hasiera gogorra izan zuten gasteiztarrek eta lehen partidetan pilatutako lau porrotak zama latza izan dira urte osoan zehar. Pedro Martinezek taldearen gidaritza hartu zuenetik ordea, taldeak dinamika goitik behera aldatzea lortu du, eta jardunaldiz jardunaldi postuak igotzen joan da sailkapenean.

Atzokoa, urteko lehen finala zen gasteiztarrentzat. Partida irabaztearekin playoff-ak jokatzeko ametsa bere egin bazezakeen ere, porrot batek etorkizun iluna iragartzen zien gasteiztarrei. Partida erabakigarriaren bezperan gainera, min hartutako jokalarien zerrenda izen garrantzitsuz betetzen hasi zen (Shengelia, Huertas...) eta egoera horrek ziurgabetasunez busti zuen giroa.

Egoera horren aurrean, talde gasteiztarrak bere adore eta kemena erakutsi zuen beste behin. Talde-jokoan eta defentsan oinarrituta, hasieratik eutsi zion partidaren gidaritzari, eta lituaniarrak Baskoniak ezarritako erritmoan dantzatzea beste aukerarik ez zuten izan.

Jokalari guztiek eman zuten aurrera pausua: Grangerrek taldearen gidaritzaz gain saskiratzeko gaitasuna erakutsi zuen (20 puntu), Vildozak ederki banatu zuen jokoa (10 asistentzia), Poirier (15 puntu, 6 errebote) eta Voigtmann (12 puntu, 7 errebote) taulapeko jokoan nagusi izan ziren... dena alde izan zuten gasteiztarrek.

Zalgiris izan da aurtengo denboraldian ezusteko nagusia eta urte hasieran pronostiko gutxitan azaltzen zen faboritoen artean. Halere, Jacikevicius azeri zaharraren taldeak kontinenteko talde onenei aurre egin die inongo konplexurik gabe, eta norgehiagoka gogorragoa aurreikusten zen atzokoan. Buesa Arenan emandako irudia bestelakoa izan zen, ordea. Lehiaketa ona egiten ari badira ere, denboraldia luze egiten ari zaio Zalgirisi eta partida erabakigarrietan erakutsi beharko du bere benetako gaitasuna.

Baskonian aldiz, sentsazio positiboak igartzen dira azken boladan eta liga erregularra bukatzeko lau jardunaldi gelditzen diren honetan, Baskoniaren jomuga postuak igotzen jarraitzea izango da.

Zortzigarren postuan sailkatzeak, emaitza ona izanik ere, CSKA ahalguztidunaren kontra ezarriko luke Final four-erako bidea, eta inork gutxi nahi du errusiarren kontrako kanporaketa. Postuak igotzen jarraitzeko bidean, Brose Basket, Bartzelona, Maccabi eta Istanbulgo Efes izango ditu Baskoniak aurkari, hurrenez-hurren.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide