Datorren martxoaren 29an Tel Aviveko Maccabi saskibaloi taldeak Gasteiz bisitatuko du, beste behin ere, Baskoniarekin aurrez aurre jokatzeko. Bisitaldi hau zerrenda luze bateko azkena baino ez da izango, izan ere, Israelgo estatuko kirol delegaritza nagusia ia urtero etortzen da gure hirira. Azken hamarkadan BDZ mugimenduak (Israelgo Apartheid erregimenaren aurkako Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) gogorki salatu du Tel Aviveko taldeak nazioarte mailan erregimen sionistaren irudia normalizatzeko kanpainian jokatzen duen papera. Halaber, salatu du taldeak harreman zuzena daukala nazioarteko komunitateak gerra krimentzat hartu dituen zenbait gertakarirekin. Eta kritikatu du, era berean, Baskonia klubak zein Arabako erakundeek normaltasun osoz eta adeitasunez egiten diotela harrera Israelgo delegaritzari, eta Israelgo enbaxadoreak gurera etortzen diren guztietan salbuespenezko egoera ezartzen dela gure hirian.
Urte hauetan guztietan Gasteizko mugimendu internazionalista, Giza eskubideen aldeko mugimendua, eta Indar Baskonia zaletu taldea bera lanean aritu dira, nazioarteko BDZ kanpainaren aldarrikapen eta eskakizunekin bat eginez, saskibaloi talde horren esku hartze politikoak eta kriminalak ikustarazteko eta gizarteratzeko. Salatu dugu Maccabik Europako leihaketetan parte hartzea egoera anormala dela. Eta aldarrikapen horiek Gasteizko kantxa zein kaleetara plazaratu nahi izan ditugu. Horretarako, gizarte zibileko kideak garen aldetik, eskura ditugun tresna guztiak baliatu ditugu, erakundeekiko lanetik hasita ekintza zuzen ez-bortitzera, eta baita hiritarrak konzientziatzeko eta mugiarazteko kanpainiak ere.
Hamarkada oso batez, beraz, Tel Aviveko Maccabiren presentzia salatzeko lanean aritu gara, eta horren emaitza izan da, batetik, gure ekintzen aurkako ondorio errepresiboen zama -gehien bat epaiketak eta isun administratiboak-, eta bestetik, hiritarren gero eta babes handiagoa gure aldarrikapenekiko. Nolanahi ere, gero eta zailagoa egiten ari zaigu gure ekintza solidarioak modu aske eta baketsuan burutzea. Azken urteotan ikusi dugu delegaritza sionista Gasteizera etortzen denetan adierazpen askatasuna murrizten dela gero eta gehiago; gero eta zailagoa dela pabilioira Palestinarekiko elkartasun ikur eta leloak sartzea, guztiz legalak badira ere, bisitarien segurtasun indarrek euren protokoloak ezartzen dituztelako; eta nola hedatzen den eskubide-murrizketa hori hiri osora, salbuespenez, delegaritza israeldarra etortzen den guztietan.
Era berean, kezka handia eragiten digu bertako prentsak aferari ematen dion trataera. Izan ere, bertako hedabideek, nahita edo utzikeriaz, isilarazi egin dute delegaritza sionistak hirian eragiten duen ezinegon gero eta orokorragoa, normaltasun itxura faltsua eman nahi izan diote Tel Aviveko Maccabiren inguruko salbuespenezko egoerari, eta ez-ikusiarena egin dute talde israeldarra gerra krimenetan inplikatzen duten zantzuen aurrean.