Alavesek Betisen aurka galdu zuen, partida kaxkarra egin eta gero

Ibon Gorrisi 2018ko mar. 13a, 09:53

Bat (Sobrino) eta hiru (Loren 2 eta Javi Garcia) nagusitu zen talde andaluziarra.

Talde arabarra ezinean aritu zen norgehiagoka guztian. Bigarren zatiko zenbait minututan, bihotzarekin jokatuta, aukera batzuk izan zituen partida berdintzeko. Baina, ilusio izpia izan zen, eta Betisek hirugarrena egin zuenean, hor amaitu zen guztion ametsa.

Hasiera bizi-bizia izan zen, eta bi taldeek lehendabiziko minutuetan aukera garbiak izan zituzten markagailua mugitzeko. Aurrelariek, ordea, kale egin zuten. Hortik aurrera talde andaluziarrak jokoaren ekimena eraman zuen, baloia zelai erdian erabiliz. Alavesek ohiko jokoari ekin zion, atzealdean sendo arituz eta presioa goialdean eginez.

Bazirudien hutsean amaituko zela lehen zatia. Etxeko taldeak atzealdean ez zuen zirrikiturik uzten eta Betisek sakontasunik gabe baloia behin eta berriz mugitzen zuen. Baina, futbolean minutu batek dena alda dezake. Horixe bera gertatu zen 23.minutuan; Loreni pasa sakona egin zioten, marrazainak banderatxoa altxatu jokoz kanpo adierazteko eta epaileak aurrera jarraitzeko esan, jokalariak jaurtiketa egin zuen, eta Pachecok gorputzean jo ondoren, saretara joan zen baloia. Gol honek mina ikaragarria egin zion etxeko taldeari, izan ere, horren ondorioz partidatik erabat atera ziren jokalariak.

Hortik aurrera, ezinean, zelaian galdurik. Gainera, atsedenera joateko minutua besterik falta ez zela, Betisek bigarrena egin zuen. Korner baten ondoren, Javi Garciak area txikian bakar bakarrik baloia saretara bidali zuen.

Bigarren zatia hasi bezain pronto, argi eta garbi ikusi zen Alavesek dena emango zuela markagailuari buelta emateko. Presio ikaragarria eginez behin eta berriz hurbiltzen ziren Betisen area ingurura. Nagusitasuna erabatekoa izan zen, joko askorik egin gabe. Egindako lan horrek saria eman zuen 67. minutuan. Sobrinok, jokaldi bikain baten ondoren, gola egin zuen eta ilusioa piztu zuen zaleengan.

Ezina ekinaren ekinez egina, baina berdegunean jokorik jarri gabe ezin da garaipenik lortu. Azkenean, ekin eta ekin, baina alferrik, 78. minutuan Lorenek hirugarrena egin zuen eta akabo fandango.

Orain, atzokoa ahaztu eta hurrengoan pentsatu behar da. Ea ahalik eta lasterren lortzen diren puntuak helburua lortzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago