Badaiotz sokatira taldea, Txinako munduko txapelketan

Ane Pedruzo eta Jon Ander Santos 2018ko mar. 7a, 09:23

Badaiotz sokatira talde arabarra Txinako munduko txapelketan lehiatuko da martxoaren 8an eta 9an; Basque Country izendapenarekin jokatuko du emakume taldeak, Holanda edota Hego Korearen kontra.

Emakumeen Nazioarteko Eguna modu berezian ospatuko dute Badaiotz sokatira taldeko neskek. Txinan izango da talde arabarra hilaren 8an, Xuzhou hirian egingo duten txapelketan, 540 eta 500 kiloko kategorietan lehiatzeko. Urtarrilaren 27an Euskal Herriko txapela irabazi ostean, Hego Korea, Ingalaterra, Txina edota Holandako kluben kontra arituko dira datorren astean. 

"Egia esan, ez dakigu zer aurkituko dugun, zaila da aurreikuspen bat egitea, bi urtean behin jokatzen delako txapelketa hau eta taldeak asko aldatzen direlako", azaldu du AleaFM saioan Jone Hualdek. Badaiotzeko tiralariak esan bezala, orain arte aritu ez diren taldeek parte hartuko dute, Hego Koreak kasu, eta horregatik zaila da aurretik iragarpenak egitea: "Ez dakigu nola tiratuko duten, nola osatuko duten beraien taldea, eta, beraz, zaila da... Guk ahal bezain ondoen egingo dugu".

Ibilbide oparoa du Badaiotz taldeak, eta bidean hainbat sari irabazi ditu. Gizonen talde moduan hasi zen 1981ean eta  emakumeena osatu zuten 1991n; geroztik hainbat txapelketatan izan dira, Araba, Euskal Herria, zein nazioartekoetan, eta merezimendu ugari izan dituzte etxean nahiz kanpoan. Corken (Irlandan) 2002an izan zen munduko txapelketan, esate baterako, urrezko dominak irabazi zituzten 480 eta 520 kiloko kategorietan, eta hala egin zuten bi urte beranduago Glasgown (Eskozia).

Oraingoan, Basque Country izendapenarekin lehiatuko dira Badaiotzeko kideak, bigarren aldiz. "2014an eman zitzaion benetako aitortza selekzioari eta eskubide osoz nazioarteko sokatira txapelketan kide egin zen", aipatu du Hualdek.

Txinan hainbat herrialdetako tiralariekin egingo dute topo. Herrialde bakoitzak sokatira modu desberdinean bizi duela azaldu du Hualdek, baina urteekin taldeen arteko hartu-emanak areagotzen ari dira, eta sokatira taldeen jokatzeko moduak ere baldintzatu ditu. "Egia da, hala ere, oraindik oso eredu desberdinak daudela; talde profesionalak dituzte batzuek, Irlandan esatera baterako, kobratu egiten dute entrenatzeagatik, gurean ez bezala". 

Osasun "kaxkarra"

Sokatirak Euskal Herrian bizi duen osasuna "kaxkarra" dela nabarmendu du Hualdek. Diru laguntzarik ez dutela azaldu du eta taldeek dirua lortzea zaila dutela. "Foru Aldundiak laguntza txiki bat eman digu, bereziki mundial honek dituen kosteei aurre egiteko, baina sokatira taldeak jendetsuak dira, material dexente behar da eta, alde horretatik, ez da egoera positiboa". 

Oztopoak oztopo, euren "onena" ematen ahaleginduko dira Txinako sokatira txapelketan, "eta gero eta bisibleagoa den emakumeen kirola erakustaraziko dugu"

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide