Joselu Anaiak San Prudentzioko pregoilariak izango dira

Erredakzioa 2018ko mar. 6a, 13:32

Apirilaren 16an San Prudentzio eta Estibalizko jaien pregoia irakurriko dute Asparreneko musikariek.

Joselu Anaiak Arabako jaietako pregoilariak izango dira; zehazki, San Prudentzio eta Estibalizko jaietakoak. Boskoteak Estibaliz Ruiz de Azua kazetariaren lekukoa hartuko du, Alberto Schommer, Micaela Portilla eta beste hainbat arabar ospetsu izan ziren bezala. Datorren apirilaren 16an irakurriko dute Arabako jaietako pregoia.

Javier, Andoni, Felix, Jesus eta Joselu Ruiz de Gordoa anaiak 1978an eratu zuten Asparreneko taldea. Ospetsuak dira Arabako herri gehienetan dantzaldiak eskaini dituztela. Horrez gain, 1989an haien lehenengo lana atera zuten, De Alava a Jalisco, eta harrezkero eta 2000. urtera arte, Ondo ibili eta Ibili hadi bezalako bildumak merkaturatu zituzten. Haien betiko furgonetan hamazazpi urtez hainbeste kilometro ibili ondoren, iaz grabazio estudiora itzuli ziren, Beti eta betiko grabatzeko, haien azken lana.

Aldundiak aintzat hartu nahi izan du talde hau, 40 urtez "gure herrietan poztasuna banatu duelako, baita herri horietatik urrun ere, baina ahaztu gabe nondik datozen, Asparrenetik".  "Errepertorio ia guztia euskarazko kantek osatzen dute, eta ahalegin handia egin dute haien eremura ekartzeko kanta klasikoak beste hizkuntza batzuetan", azpimarratu dute Diputaziotik. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide