Iaz, 70 herrialde baino gehiagotan, emakumeek* nazioarteko emakumeen* grebarako deialdia zabaldu zuten, emakumeen* kontra indarkeria eta desberdintasun molde ugari eragiten dituen munduaren aurrean.
Aurtengo martxoaren 8an Euskal Herriko mugimendu feministak bat egin nahi du Emakumeok* planto aldarriarekin, menpean hartzen eta zapaltzen gaituen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala salatzeko. Honako eguna bide luze baten abiapuntua izango da. Bide horretan, aliantza berriak ehunduko ditugu, bateratuz eta elkar ezagutuz, gure borrokak berriz pentsatuz, erresistentzia berriak eraikiz, eta baztertzen gaituen mundutik askatuz, betiere alternatiba feminista bat sortzeko helburuarekin.
Sistema honek sexuaren araberako lan banaketa bultzatzen du, eta ezkutatzen eta gutxiesten ditu bai feminizatutako ogibideak, bai bizitzaren iraunkortasunarekin eta zaintzarekin lotutakotako lanak (hazkuntza, heziketa, biziraupenerako nekazaritza, mendekotasun egoeran daude pertsonen arreta, elkartasun sareak, euskarri afektiboa…). Sistema honek ez ditu emakumeen* enpleguak modu berean baloratzen (guk urtean batez beste gizonek baino 7.489 euro gutxiago kobratzen ditugu), feminizatutako lanbideen eta autonomoen prekarietatea sustatzen du, eta ikusezin bilakatzen ditu zaintza lanak, neurri handi batean emakumeek* doan eginak, eta nagusiki migratutakoek. Etxeko langileen %87 atzerritarrak dira, %46 etxe barneko langileak dira, eta herenak baino gehiagok ez dute lan kontraturik. Sistema honek gure burujabetza ekonomikoa oztopatzen jarraitzen du, bigarren mailako soldatekin zigortzen gaituzten aldi baterako eta lanaldi partzialeko kontratuen bitartez (lanaldi partzialen %76,3 emakumeei* dagokie, eta emakumeen* 27,6k aldi baterako kontratua dute). Baina, era berean, horrek guztiak gure bizitza pertsonala, soziala eta politikoa bateratzea eragozten duen gurpil zoro batera bultzatzen gaitu. Sistema honek indarkeria ekonomikoaz jazartzen gaitu.
Egiturazko desberdintasun sistematikoaz zipriztindutako testuinguru horretan, hainbat indarkeria moldek (sexista, arrazista eta klasista) zeharkatzen gaituzte, haien artean elkar gurutzatu eta behin eta berriz errepikatzen dira. Ez dago hilketa, sexu eraso edo jazarpenik gabeko egunik. Bitartean, hedabideek gure arreta desbideratzen dute, ahaztu eta dirua xahutu leloa gauzatzera animatzen gaituzten kontsumo eredu berrien bidez. Haien helburua lortzeko ez dute nolanahiko estrategia erabiltzen: emakumezkoen* irudiak baliatzen dituzte sexu objektu gisara, eta estereotipo sexistak sistematikoki barreiatzen dituzte. Eta bitartean, eskoletan hezkuntza sistema patriarkal eta androzentrikoa nagusitzen da, emakumeen* ekarpen historikoak alboratzen dituena, merkatuko premietara zuzendutako gaiak eta edukiak hobesten dituena, eta genero rolak auzitan jarri ez eta errotzen dituena.
Horrenbestez, emakumeek, lesbianek, transek, migratutakoek gure aniztasun osoan planto egingo dugu! Eta martxoaren 8an greba feministarako deialdia zabalduko dugu ezetz esateko, nahikoa dela, hitz-jario ustelekin eta ekintzen eskasiarekin nekatuta gaudela, diskurtso hutsalek ez zaizkigula jadanik balio:
- Ekonomia eraldatu nahi dugu. Egungo eredu ekonomikoa bere oinarrietatik eztabaidatzearen aldeko apustua egingo dugu. Era berean, merkatuari so egin beharrean, pertsonen bizitzak eta lurra erdigunean jarriko duen ekonomia bat eraikitzea sustatuko dugu. Enpleguen eta zaintza lanen bidezko eta berdintasunezko banaketa nahi dugu, eta ondasun komunak pribatizatzeari utz diezaiotela exijitzen dugu.
- Egungo gizarte eredua eta eredu ekonomikoa berraztertu nahi dugu. Ez dugu emakumeak* eta natura esplotatzeaz batera, gu pobretu eta gure bizitza zein burujabetza garatzeko baliabideak lapurtzen dizkigun sistemaren partaide izan nahi.
- Sexuaren araberako lan banaketa suntsitu nahi dugu, eta pertsona zein erakunde publiko orok zaintzen kudeaketan duen ardura bere gain har dezala.
- Atzerritarrei buruzko legea, migrazio politikak eta gizarte politikak etengabe gogortzen eta murrizten ari dela salatzen dugu, horiek guztiek emakumeak* larri erasaten dituztelako.
- Hierarkiak ezartzen eta pertsonen ezaugarri bereizgarriak zigortzen dituen egungo pentsamendu arrazista eta kolonialarekin hautsi nahi dugu. Aniztasunak ondasun komun bezala duen balioa nabarmentzearen alde gaude: baldintza berdinetan askotarikoak garela aitortu.
- Politikan eta ekonomian erabakitzeko ahalmena duten eremuetan berdintasunez parte hartu nahi dugu; espazio horietan, ikuspegi feministaz gain, ikuspegi intersekzionala ere txertatu nagi dugu, jatorri, klase, adin, etnia, aniztasun funtzional, sexu joera eta genero identitatearen ondorioz zeharkatzen gaituzten diferentziak aztertzeko.
- Indarkeria mota orotatik aske dagoen bizitza nahi dugu, gure gorputz, gure sexualitate eta gure lurraldeari dagozkien erabakiak hartzeko dugun eskubidea aitor diezagutela.
Muga guztiak gaindituko dituen greba feminista bat proposatzen ari gara: gure aldarrikapenak lan munduaz harago doaz, lanaren kontzeptua birplanteatu nahi dugu, eta horretarako zaintza betebeharrei eta kontsumoari lotutako lanuztearen aldeko apustua egingo dugu, egungo eredu neoliberal predatzaile, arrazista eta koloniala auzitan jartzeko. Bizi dugun lan eta gizarte gatazka ez da sekula konponduko ugalketaren eremuari so egiten ez badiogu. Emakumeek* kalean, etxean, lantokian eta eremu intimoan hartzen duten espazioa berriro moldatu nahi dugu. Gure borrokak lan esparrua, politika, bizitza eta ekonomia zeharkatzen ditu. Hau ez da defentsarako greba hutsa: eredu osoa aldatuko duten proposamen politikoekin aterako gara kalera!
Hortaz, martxoaren 8an grebarako deialdia zabalduko dugu, lan, ikasketa, zaintza eta kontsumo esparruetan. Emakumeei* dei egingo diegu eskoletan eta lantokietan lanuzteak egitera, lau orduz goizean (11:00-15:00) eta lau orduz arratsaldean (18:00-22:00), eta 12:00etan eta 20:00etan gauzatuko diren mobilizazio nagusietan parte hartzera. Emakumeei* dei egingo diegu zaintzak eta ugalketa lanak ez egitera, eta, grebaren seinale gisa, besoko morea janztera, eta balkoi nahiz leihoetan amantalak eskegitzera. Era berean, ez kontsumitzeko deia ere egingo dugu: agindu kontsumisten kontra altxa gaitezen, bereziki enpresa eta merkataritza gune handiak saihestuz, azkeneko horiek baitira lan esplotazioaren eta baliabideen ustiaketa basatiaren ikur esanguratsuenetakoak.
Nazioarteko greba bat izango da. Ez da greba arrunta izango: herriz herri sortuko diren ekintzekin osatuko da, eta mobilizazioak beste aldarrikapen batzuekin uztartuko dira. Gure aniztasunetik zabaltzen dugu greba feministarako deia Euskal Herrian; alegia, gure gorputz, gure bizipen, gure adierazpen molde, munduan egoteko modu ezberdinen aniztasunetik. Jakin badakigulako zeharkatzen gaituzten desberdintasun eta prekarietateek patriarkatuaren borrokan, soldatapeko lan munduan, zaintzan, kontsumoan eta gure eskubideen erabileran leku anitzetan kokatzen gaituztela.
Greba guztiona da!
Eta planto egingo bagenu? Eta egiten dugun guztia egingo ez bagenu? Aurtengo martxoaren 8an ikusiko dugu.
*Emakume izendapena erabiliko dugu, martxoaren 8ko greba feministan artikulazio politikorako baliagarria delakoan, nahiz eta genero sistema bitarraz gaindi askotariko gorputz, ibilbide, bizipen, ahalmen eta identitateak bagaren (bollerak, transak…).
Egilea: Mugimendu feminista