Zorte oso kaxkarra izan zuen Alavesek Anoetan jokatutako derbian. Izan ere, 11. minuturako bi eta huts galtzen zuen. Realak bi aukera izan zituen lehendabiziko minutu horietan eta biak saretara bidali zituen. Lehen gola korner batean Morenok egin zuen, eta bigarrena handik gutxira huts baten ondorioz ailegatu zen Ilarramandiren gola.
Gauzak horrela, maldan gora zegon partida eta okerrago izan zitekeen. Alaveseko jokalariak ez ziren behar bezala sartu hasierako partidan eta galdurik aritu ziren. Oso traza txarra hartzen ari zen norgehiagoka eta ez zen ikusten arabarren susperraldia.
Halere, pixkanaka-pixkanaka partidan sartu ziren eta jokoaren ekimena eramaten hasi ziren. Baloia alde batera bestera mugitzen hasi ziren eta lehendabiziko aukeran gola egin zuen. Jokaldi zoragarria izan zen, jokoa eskuin hegalera zabaldu, Martinek eskuin hegaletik erdiraketa bikaina egin eta Pedrazak saretara bidali zuen baloia. Lehen zatia amaitzear zela, Sobrinok aukera paregabea izan zuen berdinketa lortzeko baina baloia langara joan zen.
Bigarren zatian, Reala atzealdean sendo aritu zen. Jokoan ziren puntuak oso garrantzitsuak ziren talde txuri-urdinarentzat. Alaves saiatu zen baina alferrik. Ahaleginak eta bi egiten saiatu ziren arabarrak baina ez zuten inongo zirrikiturik berdinketa lortu ahal izateko. Abelardok egindako aldaketek ez zioten etekinik eman eta aukera gutxi izan zuten arriskua sortzeko.
Dena den, atzokoa ahaztu eta hurrengoan pentsatu behar da. Betis aurkaria izango da, talde indartsua, baina berriz ere, zaleen laguntzarekin hiru puntuak eskuratzea izango da helburua.