Alavesek urrezko hiru puntuak lortu zituen Levanteren aurka

Ibon Gorrisi 2018ko mar. 2a, 09:32
Irudia: Alaves

Azkenengo minutura arte borrokatuz lortu zuen garaipena.

Ze poza! A zer-nolako poza atzoko partidan Alavesek eman zuena! Argi eta garbi dago norgehiagoka guztietan dena eman behar dela epailaren azken txistua jo arte. Horixe bera egin zuen talde arabarrak, zaleen laguntza paregabearekin. Gola 90. minutuan iritsi zen, Ibaik falta jaurtiketa bat bikain atera zuen eta Laguardiak buruz baloia sareetara bidali zuen. Zoramena, besarkadak…, Mendizorrotzak eztanda egin zuen.

Garaipena oso garrantzitsua zen. Batetik, Levante aurkari zuzena delako eta, bestetik, taldeak behar zuelako aurrera begira ahal izateko. Halere, ez zen partida erraza izan. Lehen zatiko hastapenetan ikusi baitzen bi taldeek ez zutela galdu nahi. Hori dela eta, atzealdean sendo aritu ziren eta aurrelariek ez zuten aukera gehiegirik izan gola egin ahal izateko.

Halere, Alavesek aukera paregabea izan zuen markagailuan aurrea hartzeko. Izan ere, Chemak penaltia egin zion Pedrazari. Epaileak adierazi zuen, eta, gainera, Levanteko jokalariari txartel gorria erakutsi. Beraz, egoera ezin hobean 28. minutuan. Baina, Manuk kale egin zuen.

Bigarren zatian, Alavesen nagusitasuna erabatekoa izan zen. Behin eta berriz, erotu gabe, Levanteren area ingurura hurbiltzen ziren arabarrak. Batzuetan, erdiraketak Martinek egiten zituen eskuin hegaletik eta besteetan, Pedrazaren bitartez. Modu guztietan saiatu ziren, baina bazirudien ez zela jokalarien eguna. Gainera, 76. minutuan epaileak Munirri bigarren txartel horia atera zion. Taldea kikildu ordez indartu egin zen, eta golaren bila jarraitu zuen. Azkenik, sari potolo lortu zuen: garaipena.

Orain, bada ordua, gora begiratzeko. Hurrengoan Donostiara, Errealaren aurka. Igandean bi taldeetako zaleen arteko eguna polita eta alaia igarotzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide