Zaindariak ere zainketaren premiaz

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko mar. 5a, 09:00
Estibaliz Gonzalez de Herrero eta Maria Luisa Fernandez de Romarategi. E.U.

Arabako Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuan lan egiten duten lagunen ia ehuneko ehun emakumeak dira. Ezinbesteko lanak merezi duen ordainaren alde borrokan ari dira egun hauetan.

 

Feminizatuen artean feminizatuena, eta prekarioen artean, prekarioena. Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuko langileek horrela definitzen dute euren egoera: "Bada esaldi bat urtetik urtera errepikatzen dena: pobreziak emakume aurpegia du; ba bai, hona hemen gu horren adibide". Estibaliz Gonzalez de Herrero eta Maria Luisa Fernandez de Romarategi zerbitzuko langileak dira, eta eskarmentu handiko emakumeak, gainera: Gonzalez de Herrero 2001. urtean hasi zen zerbitzuan, eta Fernandez de Romarategi 1990ean. Hurrenez hurren, ELA eta LAB sindikatuetako kideak dira.

Gizarteak eta erakundeek pertsonen zainketari ematen dioten garrantziaren isla dira emakume hauen lan baldintzak: Egunean hamar orduz prest egon behar dute lan egiteko, nahiz eta azkenean lau ordu lan egin edo bat ere ez. Gonzalez de Herrerok azaldu duenez, bi talde daude Arabako Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuan: langile batzuek bermatuta dute hainbat ordu kobratuko dituztela hilabetearen bukaeran, eta beste batzuek ez. "Bermearekin lan egiten dutenek bederatziehun euro garbi eramaten dituzte etxera; lanak orduko egiten dituzten langileek, berriz, bederatzi euro inguru kobratzen dituzte, orduro, baina ez dute inongo bermerik; hamar orduz egon gaitezke lanaren zain, eta egun horretan lanik ez egin".

Gasteiz alderik alde zeharkatu behar dute emakumeek, sarritan; eta landa eremuan lan egiten dutenek, esate baterako, Legutioko etxe batetik Zuian dagoen beste etxe batetara joan. Bidai horiek egiteko zortzi minutuko tartea ematen dizkiete enpresek. "Teorian gure lan orduak 68 minutukoak dira, baina praktikan langilearen bihotzaren araberakoak izaten dira", aitortu du Gonzalez de Herrerok. Izan ere, etxe batean ezustekorik edo arazorik gertatuz gero, denbora gehiago eman behar dute, eta ez da kontuan hartzen.  Horren harira, pairatzen duten estresa eta ezinegona aipatu ditu Fernandez de Romarategik: "Ez dugu ezertarako astirik, dena korrika batean egin behar da, jende zaharrak bere denbora behar du, eta ez dago; jendea ezin da horrela tratatu". 

Halere, soldata urriak izanik, familia aurrera ateratzeko, asko eta asko dira Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen ari diren langileak, edo asteburuetan tabernak edo bulegoak garbitu behar dituztenak. Lan zamak eta baldintza kaskarrak eragin handia dute, gainera, urte luzez Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuan daramatzaten langileengan, eta adinarekin gaitz muskulu-eskeletiko asko sortzen zaizkie, aldakan, besoetan, sorbaldan…, baina ez dizkiete gaixotasun profesionalak bezala onartzen. "Nork zainduko gaitu gu erortzen hasten garenean? Nork zainduko du zaindaria?", galdetu dute.

"Hekatonbea"

Erlojuaren presioa, eta lan baldintzen hondatzea, batik bat, 2009. urtetik 2011. urtera bitartean egon diren "murrizketa basatien"ondorioz areagotu dira. Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak finantzatu eta bost enpresa bitartez azpikontratatzen da Etxez Etxeko Laguntzaren zerbitzua, edozein menpekotasun duten pertsonak, gizarte bazterketa arriskuan egon daitezkeenak zaintzeko. 

Lan hitzarmen guztiak erakundeen babesarekin lortu dituztela azaldu dute langileek. 2011. urtean sinatu zuten azkena, "eta hortik aurrera zerbitzuaren hondamendia etorri zen". Kontuan hartzeko datu adierazgarria utzi dute mahai gainean: 2008. urtean 1.200 langile izatetik 500 izatera pasa ziren, eta egun 600 bat langile dira. 

Teorian, laguntza behar zuten pertsonen zenbatekoaren jaitsierarekin etorri zen lanpostu galera. Alta, langileen esanetan, beharra ez da jaitsi: "Araban 65 urtetik gorako pertsonen kopurua gero eta altuagoa da, menpekotasuna duten pertsonen kopurua gero eta altuago da, baina erabiltzaile gutxiago dago, pertsona askori laguntza ukatu diotelako". Fernandez de Romarategik azaldu duenez, "Menpekotasunaren Legea ezarri zutenean, lehen graduko askori ez zieten laguntza eman, eta horrenbestez langileen plazak kendu zituzten". Gonzalez de Herrerok gaineratu du: "Ez zuten enplegu-erregulazioko espediente bat egin, baina gero eta zerbitzu gutxiago genituen eta kontratuak eten zituzten".

Administrazioen politikan kontraesan handia dagoela uste dute biek: "Aho zabalik diote gaixoak eta menpekoak etxean hobeto daudela, baina zer baldintzetan daude? Ba al dakite? Guk zer lan egiten dugun ere ez dakite…".

Maiz, gizartearen "ostien zakua" sentitzen dira Etxez Etxeko Laguntzako langileak, eta faltan botatzen dute aintzat hartzea: "Lan sozial ikaragarria egiten dugu, langile kualifikatuak gara, gurea ez da bakarrik garbiketa, edo batzuek mespretxuz esaten duten bezala, ipurdiak garbitzea; inor inoiz sartu ez den etxeetara sartzen gara, eta ezagutzen duten pertsona bakarra gara, egun osoan ikusten duten irribarre bakarra gurea da; jendeak dituen arazoak antzematen ditugu, langile sozialak gara, erizainak, psikologoak…"

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide