Elurrak eta izotzak arazoak sortu ditu trafikoan eta garraio publikoan

Erredakzioa 2018ko ots. 28a, 10:08

Opakua eta Herrera bezalako mendateak itxita daude, eta kamioiei bidera ateratzeko debekua ezarri diete.

Iragarpenak bete dira, eta zurituta esnatu da Araba. Gauean, elur-maila jaitsi da 100 metrora, eta horren eraginez, Arabako errepide sare nagusian zein bigarren mailako errepideetan arazoak izaten ari dira. Hala, zenbait mendate itxita daude, tartean, Opakua eta Herrera, eta gainontzekoetan kateekin edo arretaz gidatu beharra dago. Itxita dago ere A-1 errepidea, Agurain eta Egino artean.

Hori dela eta, bidera irteteko debekua ezarri diete kamioiei. Momentu honetan, elurra kentzeko hogei makina ari dira lurraldeko errepideak garbitzen eta gatza botatzen.

 

                     

 

Gasteizen ere arazoak sortu dira elurrraren eraginez. Izan ere, harmar zentimetroko geruza batekin esnatu da hiriburua, eta horrek zaildu egin du trafikoa. Udalak atzo aktibatu zuen elurteetarako plana eta besteak beste, elurra kentzeko bederatzi makina lanean ari dira.

Hala ere, goizeko lehen orduetatik, arazoak sortu dira kaleetan, eta esaterako, Madril eta Juan de Garai kaleetako zubiak itxi behar izan dituzte, elurra kentzeko makinak pasatu arte. Garraio publikoan ere atzerapenak izan dira, tranbian eta autobus zerbitzuko zenbait lineatan. 

EHUk eta Mondragon Unibertsitateak bertan behera utzi dituzte eskolak campus guztietan; gutxienez, 15:00ak arte. Osakidetzak ere premiazkoak ez diren hitzorduak beste egun batera aldatzeko eskatu du. Izan ere,  anbulategi eta ospitaletan artatzeko zailtasunak sortu dira.

Elurra, eguerdira arte

Goizeko lehen orduetan prezipitazio ia guztia elur moduan egingo du. Eguerditik aurrera atertzeko joera hartuko du. Bihar, ostegunean hegoaldeko haizea ibiliko da, eta tenperatura nabarmen igoko da: barnealdean, 10 ºC-ra igoko da tenperatura. Zeruan hodeiak izango dira nagusi, baina saretuta egongo da tarteka, urdinguneekin. Euri tanta batzuk bota ditzake, batez ere barnealdean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide