INATEC plana: gaurko erronka, biharko arrakasta

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2018ko urtarrilaren 10a

Gero eta entitate gehiago dira euskara bereizgarri bezala baliatzen ari direnak, hizkuntzak balioa eransten diela jakitun. Egun, 1356 dira euskararen erabilera sustatzeko prozesuan barneraturik daudenak, Bai Euskarari komunitatean, bakoitzaren euskara mailara egokitzen den ziurtagiriarekin.

Horien artean, badaude eredugarritzat jotzen ditugun entitate, saltoki edo-eta enpresak, euskara barneratzeko praktika onak garatu dituztenak (esate baterako, #BaiPraktikaEgokia gidan jasotzen direnak), eta ondoriozko arrakasta ikusi dutenak. Horietako bat dugu INATEC, 1999. urtean Bilbon jaio eta formaziora bideraturiko Ikasketa Zentroa. Izan ere, bertako ordezkariek adierazi diguten bezala, erakundean beti izan dute argi euskararen presentzia sustatzea garrantzitsua dela eta horretarako, helburuak definitu eta ekintza plana behar dutela.

Hori horrela izanik, 2016. urtean Bai Euskarari Elkartearekin lanean hasi ziren, “Euskararen Bidean” maila abiapuntutzat harturik eta 46 helburu adostu zituzten urtebeteko epean burutzeko. Horri esker, hasieratik, irudi korporatiboa, barne eta kanpo harremanak edo-eta hizkuntza gaitasuna euskaraz garatzeko bidea egiten hasi ziren.

“INATEC-eko 2016-2019 Euskara Plana” sortu eta martxan jarri zuten, helburu argi batekin: zerbitzu guztiak euskaraz eskaini ahal izatea. Urtebete beranduago, lan handia egin eta praktika egokiak jarraiturik, ezarritako helburuetatik 32 lortu eta “Zerbitzua Euskaraz” ziurtagiria eskuratu dute INATEC-eko lagunek. Zorionak!

Aurrerapauso garrantzitsu horren ostean, besteak beste, webgunea eta dokumentazioa bi eletan edukitzea lortu dute; baina, haien iritziz, aldaketarik nabariena izan da langileek euskararekiko duten jarrera, orain, handiagoa baita horren garrantziarekiko kontzientzia. Ikastaro asko euskaraz ematen dituzte, euskara da INATEC-eko langile eta ikasle askoren lehen hizkuntza; bide horretan, argi dute hizkuntza baliatu behar dutela, zerbitzuaren kalitatea areagotzeko eta bezero eta langileen arteko harremanak zaintzeko. Etorkizunera begira, Bai Euskarari Elkartearekin gogoz jarraituko dute lanean, “Zerbitzua eta Lana Euskaraz” ziurtagiria lortzeko. Gaurko erronka, biharko arrakasta.

 


 

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago