Lehen zatian Alaves ondo aritu zen. Ohiko jokoa egin zuen eta Cristiano Ronaldo, Benzema, Bale eta enparauek ez zuten aukera askorik izan gola egin ahal izateko. Lerroak erabat elkarturik zeuden, eta Alaveseko jokalariek jakin bazekiten ezin zutela eta hutsik txikiena ere egin. Bestela, zirrikiturik utziz gero madrildarrek oso erraz egiten baitute gola.
Arabarrek jokoaren ekimena zenbait unetan izan zuten lehen zatian eta pare bat aukera sortzeko gai ere izan ziren. Ez hori bakarrik, lehen minutuetan jokaldi oso eztabaidagarria gertatu zen madrildarren arean. Pedraza bultzada baten ondorioz erori zen, eta epaileak ez zuen ezertxo ere adierazi. Izan ere, lehen zatiko hasierako minutuak eta azkenengoak erabakigarriak izan ziren norgehiagokaren norabidean. Esan bezala, penaltia Alavesen alde, eta atsedenera joan aurretik Cristiano Ronaldok bat eta hutsekoa egin zuen.
Bigarren zatian hasi bezain pronto, Balek bigarrena egin zuen eta esan genezake hor partida bukatu zela. Kolpe oso gogorra izan zen. Gainera, Real Madril ondo baino hobeto aritzen baita kontraerasora eta hortik aurrera gozatu ederra hartu zuen.
Une gozoan zegoen Alaves, eta larunbatean, Madrilen galdu izateak ez du esan nahi behera egingo duenik. Egutegiak ez du inongo atsedenik ematen eta ostegun honetan berriz garaipenaren bidera itzuli beharra dago. Jaitsiera postuetatik bederatzi puntura dago, eta Levanteren aurka nola edo hala irabazi behar gorabidean jarraitu ahal izateko.
Bide horretan, ezbairik gabe, zaleen bultzada ezinbestekoa izango da. Beraz, ostegun honetan Mendizorrotza bete behar dugu hiru puntuak lortzeko.