Mandazainen bide zaharretik

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko ots. 23a, 17:43

Bermeoko taldea Oiondik atera zen iragan igandean. PHOT.OK

Bermeoko Arrain Azokaren 24. edizioaren harira, Ardoaren eta Arrainaren GR-38 ibilbidearen balio historikoa nabarmentzeko martxa hasi da, Oionen. 

Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideak oso eginkizun garrantzitsua bete du Euskal Herriko historian. Urte askoan bi elikagai horien garraiobide ez ezik, merkantzien banaketarako eta gizarte harremanetarako bidea ere izan zen. Arabako Errioxa eta Bizkaiko kostaldea lotzen zituzten mandazainen lekuko bakarrenetakoa da oraingo GR-38 bidea, Oion eta Bermeo artekoa; eta ondare historiko hori nabarmendu eta balioa azpimarratu nahi izan du Sollube Bermeoko Mendi taldeak. Hala, zazpi etapatan lotzen ari dira bi herriak, guztira 169,1 kilometro eginez.

Oiondik atera ziren, iragan igandean, eta Guardian amaitu zuten lehenengo etapa. Martxoa eta maiatza bitartean Arabako Errioxa, Trebiñu, Gasteiz eta Gorbeialdea zeharkatuko dituzte, eta ondoren, Bermeon sartuko dira, maiatzaren 20an, hain zuzen marinel herrian ospatzen duten XIV. Arrain Azoka ospetsuaren igandean. Egun horretarako ongietorri berezia prestatzen dabil Bermeoko Udala.

Ez da lehenbiziko aldia Sollubeko mendizaleek ibilbidea egiten dutela. 2005. urtean ere egin zuten, baina oso gaizki seinaleztatua zegoen, eta arazoak izan zituzten bidea osatzeko, bereziki Bizkaia aldean. Sabin Bilbao Sollube taldeko kideak gogoratu duenez, behin baino gehiagotan galdu zinen, "bideak oso gaizki baitzeuden; ea oraingoan konponduta dauden".

Oiongo Udalaren aurrean eginiko familia argazkia.PHOT.OK

 

Mendizale arabarrak animatu nahi izan dituzte Bizkaiko mendi taldeko kideek, ekimen berezi honetan parte hartzera: "Nahiko genuke Arabako Errioxako talderen bat animatzea eta ibilaldian parte hartzea, eta azken etapan Bermeon elkarrekin sartzea, eskualde biak elkarrekin lotuta". Lehenengo etapan bizkaitarrak izan ziren nagusi, baina oiondar batzuek ere parte hartu zuten.

Rufino Arroiaberen omenez

Bermeoko Udalarekin batera, Sollube taldearen ekimenaren babesle nagusia da Bermeoko Arroyabe kontserba-etxea. Bilbaok azaldu duenez, mendizale taldea da eta ez dute dirurik: "Finantziazioa behar genuen gutxienez autobusak hartu ahal izateko; jakin genuen Arroyabe Bermeoko punta- puntako kontserba-etxeak interesa zuela laguntzeko, eta haiei esker martxan jarri dugu asmoa".

Kontserba-etxeko arduradun Bittor Agirrek azaldu duenez, enpresak lotura oso estua du Arrainaren eta Ardoaren Ibilbidearekin. Izan ere, Bermeora bizitzera joan zen Ru no Arroiabe mandazain gasteiztarra izan zen fundatzailea. "Herenaitona gasteiztarra zen, eta ardoa eta arraina elkartrukatzen hasi zen XIX. mendearen amaieran; Arabako Errioxatik Bermeora bidea egiten zuen". Agirrek esan duenez, eginbide horretan arrainaren kontserbaziorako teknikak ikasi zituen Arroiabek: "Orduan gazitzea eta olio- ozpina erabiltzen zituzten".

Bidaia batean, Bermeon bizitzen geratzea erabaki zuen arabarrak, eta lehenengo ardotegi bat ireki zuen herrian, eta geroago sortu zuen Arroyabe eskabetxera, 1989. urte inguruan, "hegaluzean eta gatzetan jarritako antxoekin", herenilobak nabarmendu duenez. 1960. hamarkadan, ardotegia itxi zuen, eta kontserba-etxera bideratu zituen ahalegin guztiak.

Rufino Arroiabe bezala, XVI. mendetik XIX. mendera arte, Euskal Herriko kostaldea eta barnealdea lotu zituzten pertsonak omenduko dituzte Bermeoko Arrain Azokaren XIV. edizioan, Udalak, mendizaleak, eta kontserba-enpresak elkarlanean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago