Energia jarioa menderatu nahian

Juanma Gallego 2018ko ots. 26a, 18:19
Energia metatzeko gai diren gailuetarako material berriak bilatzen dituzte sintesi laborategian. / J. Gallego

Oinarrizko zientziatik hasita, eta azken prototiporaino, energia metatzeko teknika berriak aztertzen dituzte CIC Energigune ikerketa zentroan, energia enpresekin zuzenekin lankidetzan. Etorkizuneko baterien oinarriak oraintxe bertan jartzen ari dira, Araban.

Thriller baten abiapuntua dirudi. Kristalaren beste aldean bi ikertzaile daude, betaurreko bereziak eta ahoan maskara bat dauzkatela. Xafla zilarkara txiki baten inguruan lanean ari dira. Gelan sartzeko esklusa berezi bat erabili behar izan dute. Eremu horretan ezin dute ordubete eta erdi baino gehiago eman. Arriskutsuegia litzateke hori. Behar izanez gero, alarmak dituzte eskura. Ia hezetasunik ez duen gela batean daude. "Hor barruko ihintz-puntua -60 da", argitu du Laida Otaegi ingeniariak. "Horrek esan nahi du gelaren tenperatura zero azpitik 60 gradura jaitsi beharko litzatekeela ura kondentsatzen hasteko. Airea etengabe ateratzen da gelatik, lehortasun maila hau lortzeko". Baterien prototipoekin lanean ari dira ikertzaileak, eta edozein erreaktibotasun eragozteko beharrezkoak dituzte baldintza berezi horiek. 

CIC Energigune zentroko kide Asier Urzelairekin batera honaino egindako bideak ordubete inguru iraun du, baina ikerketa proiektuek urteak behar dituzte bide berdina egiteko. Hezetasunik gabeko gela da azken geldiunea. Hortik aurrera, ikerketa espezializatuetan egindako artikuluak, patente bulegoak eta industria daude zain.

Zientziaren munduan ohikoa ez bada ere, eraikin berdinean daude hemen oinarrizko zientzia eta zientzia aplikatua. "Bide guztia jorratzen dugu hemen, atomo batetik azken prototiporaino", nabarmendu du Urzelaik. "Hasieran ezagutza berri bat sortu behar genuen, baina orain oso momentu txukunean gaude. Sodiozko bateriak ikertzen dituen taldea, adibidez, lehenengoa da orain mundu mailan".  

Oinarrizko ikerketan erronka berriei ekitea da aurrena. Zenbaitetan, laborategia ere ez da beharrezkoa. "Gurean bada, esaterako, itsua den ikertzaile bat. Ordenagailu bidezko eredu teorikoak egiten ditu, eta ahots sintesiarekin ederki moldatzen da", esan du Urzelaik. 

Sintesi laborategian urratzen dira hurrengo pausuak. Bertan, material berriak sortu eta gelaxketan txertatzen dituzte. Hemen ihintzi-puntua arrunta izanda ere, material erreaktiboak manipulatzeko gune berezi bat dute ere, kontrolpeko atmosferan. 

Botoizko pila bat dirudien gailu txikia erakutsi du Maria Arnaiz doktoregaiak. Halakoak erabilita, bateria txikiak sortu eta ezaugarritzen dituzte. Haren ikerketa superkondentsadore hibridoei buruzkoa da. "Bateriek erredox izeneko erreakzioen bitartez metatzen dute energia: erredukzioa/oxidazioa, alegia. Superkondentsadoreetan, berriz, material porotsuak erabiltzen dira. Bertan elektrolitoaren ioiak xurgatzen eta disolbatzen dira. Mekanismo fisikoa denez, oso azkar gertatzen da”. Baterien erreakzio kimikoa, beraz, nahiko motela da, eta karga eta deskarga luzekoak dira. Superkondentsadoreen kasuan, berriz, dena oso azkar izaten da. "Ni bien arteko konbinaketa bat lortzen saiatzen ari naiz. Izan ere, biek dituzte abantailak", nabarmendu du Arnaizek. 

Entxufe erraldoia

Bigarren solairuan dago neurri elektrokimikoak egiteko laborategia. Bertan, besteak beste, Xabier Judez ikertzailea dago. Litio-sufrean oinarritutako teknologia ikertzen dabil. "Bateria gehienak litiokoak dira, baina litioa nahiko garestia da. Askoz eskuragarriagoa den sufrea sartuz gero, bateriak dezente merkatuko lirateke”.

Laborategi honetan "lanean" jartzen dituzte bateriak, kargan eta deskargan dauden bitartean parametro guztiak neurtzeko. Hiruzpalau tramankulu handi dituzte horretako. "Funtsean, kargagailu erraldoiak dira". Tenperatura handietan eta baxuetan ere bateriak ezaugarritzen dituzte. "Pentsa espazioan diren sateliteek oso tenperatura baxuak nozitu behar dituztela, eta bateriek ingurune horretan ondo aritu behar dute". 

Bertan dauden makinak harrigarriak badira ere, benetako altxorrak beheko solairuan daude: materialak ezaugarritzeko puntako gailu handiak. Erresonantzia magnetikoa, Raman espektroskopia edota XPS X izpien bitartezko espektroskopia, esaterako. Azken hau "Koroaren harribitxia" da Jon Ajuria doktorearen esanetan. "Gainazalak aztertzeko erabiltzen dugu". Hori erabilita, material bakoitzean zer atomo dauden jakin dezakete.

 

 

 

Sinergiak metatzeko gunea

Euskadiko Autonomia Erkidegoan dauden zazpi Ikerketa Kooperatiboko Zentroetatik bakarra dago Araban, eta energia metatzea du helburu. Zentro gazteena da. Ikerketa gune berria abiatzeko lanak 2008an hasi baziren ere, 2011n egin zituzten lehen ikerketak. "Zentroa oso gaztea da, baina hemen lan egiten dugunok ere oso gazteak gara", azaldu du Asier Urzelai giza baliabideetako zuzendariak.

Arabako Parke Teknologikoan kokatuta, zentroak mundu osoko ikertzaileak biltzen ditu. "Euskal Herriko ikertzaileez gain, momentuan 14 naziotatik etorritako ikertzaileak daude. Arlo honetan, bi dira gure helburu nagusienak: munduko jenderik hoberena erakartzea eta bertoko talentua jasotzea".

Orotara 78 ikertzaile daude, eta beste 13 lagun administrazioan aritzen dira. "Gehienak doktoreak dira, edo dotoretza tesia egiten ari direnak, baina teknikariak ere badaude". Energiaren metaketaren arloa ikertzen dutenez, ulergarria da gehienak kimikariak, fisikariak eta ingeniari kimikoak izatea.

Energia metatzeko ikerkuntza hau bi arlo nagusitan egiten dituzte: energia elektrokimikoa eta energia termikoa. "Elektrokimikoari dagokionean, bateriak eta superkondentsadoreak garatzen ditugu". Kondentsadoreak energia asko metatzeko eta energia hori agudo askatzeko gai diren gailuak dira. "Energia termikoari dagokionez, beroa gordetzeko modu berrietan ikertzen dugu, gero beroa energia modura erabiltzeko. Industria prozesuetan gelditzen den hondar-beroari ere etekin energetikoa ateratzen saiatzen gara".

Bide hori urratzeak duen garrantzia azpimarratu du Urzelaik. "Ezaguna da orain daukagun eredua ez dela jasangarria. Erregai fosilak bukatuko dira, eta, gainera, asko kutsatzen dute. Alabaina, energia sortzeko beste modu berri askorik ez dago. Hortaz, energiaren metatzea ikertu beharra dago, ezinbestean", nabarmendu du Urzelaik. Ate-joka dauden auto elektrikoek baterien beharra izango dutela nabarmendu du adituak. Baina ez da, noski, merkatu bakarra. "Sakelako telefonoak, tabletak eta antzeko gailuak datozkigu gogora, baina gehiago daude. Esaterako, sateliteek edo taupada-markagailuek ere bateriak behar dituzte". Halako gailuetan erabiliko diren teknologiak, beraz, CIC Energigune zentroan garatzen ari dira, lerro hauek irakurtzen dituzun une berdinean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide