Udazkenean izango den V. Foro Soziala prestatzen joateko, hainbat egitasmo izango dira datozen hilabeteetan, eta horietako bat izango da larunbatean Gasteizko Europa jauregian antolatu dutena. Entzunaz bizikidetza eraiki: indarkeria mota ezberdinetako biktimen lekukotzak Araban izenburupean, indarkeria mota desberdinen hainbat ahots bilduko dituzte, 10:00etatik 14:00etara egingo diren saioetan.
"Adiskidetze soziala eraiki nahi duen errail zentralak aurrera egin ahal izateko, gai hau lubakien posizioen eztabaidatik atera behar dugu", azaldu dute egitasmoaren sustatzaile Susana Garciak eta Juanjo Espinak. "Sufrimendu guztiak aitortzeko eta erreparatzeko esparru bat eratu nahi dugu. Bertan, adiskidetze sozialari ekarpen gisa, indarkeria mota desberdinen Arabako biktimen lekukotzak entzungo ditugu».
2016ko azaroan Nafarroako Parlamentuan egin zuten saioa oinarri hartuta, indarkeria mota desberdinetako biktimak bildu eta beraien arteko elkarrizketa sustatzeko marko berri bat antolatu nahi dute. Besteak beste, Maite Berrocal PSE-EEko Gasteizko zinegotzi ohiak, Pepe Moulia kartzela funtzionario ohiak, Candi Gomez Batallon Vasco Españolek hildako Enrique Gomezen anaiak eta Encarni Blanco Guardia Zibilak torturatuak parte hartuko dute solasaldietan.
Beste alde batetik, munduan zehar egon diren adiskiditze prozesuen berri ere jasoko dute Foroan. Alan McBride IRA Irlandako Armada Errepublikanoaren biktima izango da, biktimei babesa emateko sortutako Wave Trauma Center taldeko kidea. Eta Kristian Herbolzheimer Conciliation Resources fundazioko kidea; indarkeria prebenitzeko, gatazkak konpontzeko eta elkarbizitza eta bakea sustatzeko erakundea da, hain zuzen ere.