Alavesek garaipenaren bidean jarraitzen du

Ibon Gorrisi 2018ko ots. 19a, 09:58
Irudia: Alaves

Bat eta zero irabazi zion A Coruñako Deportivori, Munirrek egindako gol ikusgarri bati esker.

Hau da hau, Alaves egiten ari dena! Bolada ezin hobean aurkitzen baita talde arabarra. Ez dago etenik, eta hirugarren garaipena jarraian lortu du. Gainera kontuan izan behar dugu Bartzelonaren aurka partida oso ona egin zuela. Horrek esan nahi du Real Madrilen kontra edozein gauza egiteko gai dela. Urte asko igaro dira Alavesek Bernabeun garaipen bakarra lortu zuenetik. Azkoitiak egin zuen gola, eta larunbat hartan Lehen Mailako lidergoan jarri zen talde urdin-txuria. Ametsak jarraipena izan dezake hurrengo larunbatean.

Larunbateko partida oso gogorra izan zen. Bi taldeek asko zeukaten jokoan. Ez batak ez besteak ez zuten galdu nahi. Horrexegatik, tentu handiz jokatu zuten biek. Alavesek ohiko hamaikakoa jarri zuen berdegunean. Lehen zatian ez zuten gehiegi arriskatu, zelai-erdian eta atzealdean oso sendo aritu ziren Abelardok zuzentzen dituen jokalariak. A Coruñako Deportivo jokoaren ekimena eraman zuen, baina inongo arriskurik egin gabe. Beraz, atsedenaldira golik gabe joan ziren bi taldeak.

Bigarren zatian, Alavesek aurrerapausoa eman zuen gola lortu ahal izateko. Arrisku gehiena ezker hegaletik sortu zuen, Pedrazaren bitartez. Halere, ez zuen aukera gehiegirik sortu gola egiteko. Partida horretan zegoela, ez aurrera ez atzera, han agertu zen Munir gol ikusgarria egiteko 60. minutuan. Gola lortu bezain pronto, zaleek argi eta garbi zeukaten garaipena Mendizorrotzan geldituko zela. Alavesek atzera egin zuen, lerroak itxi eta partida amatatu. Hortik aurrera galiziarrek zerbait egin nahi, berdinketaren bila joan nahi baina ezin.

Azkenean, hiru puntu gehiago, orain jaitsiera postua hamar puntura dago. Helburua gero eta hurbilago, halere, gorabide horretan jarraitu behar. Bolada onari eutsi, eta hurrengoan Madrilen. Baietz bada!!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide