Azken asteotako euriteen ondoren, ur-jaialdi paregabea goza daiteke Corraladas urjauziaren bidean, pagadi ospel eta umeletan barrena.
Bide asko daude bertara iristeko. Horietako bat, Beluntza herritik abiatzen da, Izarratik kilometro batera. Bertan, GR282 artzaintza-naturbidea hartu behar da. Altuberako norabidea jarraitu eta, saihesbiderik hartu gabe, alanbre-hesi bateraino iristen da bidea; bertan, ezkerretik doan bidexka hartu behar da, beste pista bateraino iritsi arte. Marka gorri eta txuriak jarraituz gero, autopista azpitik jarraitzen du bideak, Altube ibaiaren paraleloan. Aitzitik, ezkerrera egin behar da Corraladas errekaren ur-saltoak ikusteko; horretarako, komeni da belarriak tente jartzea, uraren burrunbara gerturatzeko; izan ere, sasiz betetako inguru nahasgarria da. Era berean, sendo zapaldu behar da, pagoen hosto hezeak eta lur bustia oso labainkorrak direlako neguan.
Behin iritsita, apartekoa da ikuskizuna: ur-saltoen altuerek, ur-emariaren harrabotsak eta giro itzaltsu eta bustiak ez dute inor epel uzten. Beluntzatik beharrean, Altube gainetik ere egin daite Corraladas errekaren urjauziak ikusteko ibilbidea.
Lamioxin urmaela
Inguruan, gainera, badaude merezi duten beste paraje batzuk; tartean, Lamioxin urmaela (lamien osina), Arabako aintzira natural bakarrenetako bat. Altubeko basoan bertan dago, Izarrako nazioarteko ikastetxe ohitik gertu, landarediak ezkutatuta.
Goiuri urjauzia da inguruko beste geldialdi xarmagarri bat, 100 metro baino gehiagoko altuerakoa. Badago aukera ur-saltoak, Lamioxin eta Goiuri txango berean egiteko. Horretarako, komeni da Wikiloc ibilbide-plataformako argibideak jarraitzea, ingurua ez baitago ondo seinaleztatuta.