Otsailaren 26an, astelehenean, Errementari filmaren aurrestrenaldia izango da Gasteizen. 20:00etan izango da, Florida zinema-aretoan, eta bertan izango dira filmeko ekipoa eta ekoizpenean parte hartu duten pertsonak eta erakundeak. Estreinaldia, berriz, martxoaren 2an izango da, Estatuko zinema-aretoetan. Arabako zinemetan jatorrizko bertsioan proiektatuko da filmea.
Errementari Paul Urkijo zuzendari arabarraren lehen film luzea da, eta Patxi Errementaria euskal ipuin tradizionalean oinarrituta dago, Jose Miguel Barandiaranek 1903an idatzitakoa. Genero fantastikoaren aldeko apustua egiten du filmeak, eta euskal kutsu folkloriko eta historikoa du. Horrez gain, euskara hutsean grabatu da, eta Araban hitz egiten zen euskalkia berreskuratu du. Euskalki hori berreskuratzeko eta ulergarri egiteko, Koldo Zuazo hizkuntzalari eta ikertzailearen laguntza jaso du Urkijok. Lokalizazioei dagokienez, Arabako txoko ezberdinetan grabatu dute, tartean, Korres eta Antoñana eta Kanpezun. Bizkaian eta Gipuzkoan ere izan dira lanean.
Gonbidapenak
Gasteiz On elkarteko establezimenduek Errementari filmaren aurrestrenaldira joateko hogei sarrera zozkatuko dituzte otsailean. Zozketan parte hartzeko gutxienez 20 euroko erosketa egin beharko da, otsailaren 21era bitartean, parte hartzen duen establezimenduetakoren batean.