Ligako zortzi talde onenak lehiatuko dira Kanaria Handian

Erredakzioa 2018ko ots. 14a, 10:55
2017ko Errege Kopa. Irudia: Baskonia

Azken egunetako zalantzak argituta, eta ACB ligako ordezkariek eta jokalari profesionalen sindikatuak azken orduan lortutako akordioari esker, ostegunetik aurrera ekingo dio 2018ko Errege Kopak.

Jokalari profesionalen elkarteak grebarako deialdia egin zuen iragan astean, ACB-k bere aldarrikapenak beteko ez zituela ikusita. Egoera horrek kinka larrian jarri zuen ligako zortzi talde onenak asteburu bakarrean elkartzen dituen lehiaketa.

ACB ligak ez bezala, Errege Kopak badu zaleak erakarri eta saskibaloiaren inguruan jai handi bat antolatzeko gaitasuna. Zortzi taldetako zaleak asteburu oso batean zehar, hiri bakarrean elkartu eta saskibaloi kantxa batean gutxitan ikusten den giroa sortzeko txapelketa da honakoa.

Urtez urte, txapelketaren kokapena hiri batetik bestera aldatu ohi da, eta, aurtengoan, Kanaria uharteetara egin behar izango dute bidaia zaletuek. Iazkoan, Gasteizen ospatu zen Kopa, eta lehiaketa ondorengo balorazioan ordezkariek azaldu zutenaren arabera, 20 milioi euroko eragina izan zuen txapelketak lurraldean. Aurtengoan, 10.000 zaletu ingururen hegazkin txartelak, hotel erreserbak eta bestelakoak gehitu beharko zaizkio zenbateko horri.

Kontuan izan beharra dago gainera, jokalarientzat erakusleiho bikaina dela txapelketa hau. Lehiaketaren formatuak, mundu osoko adituak erakartzen ditu eta ohikoa izaten da NBAko arduradunak Europako harri-bitxien bila ikustea.

Egoera hori baliatu dute hain zuzen ere, Jokalari Profesionalen Elkarteko (ABP) arduradunek ACB-ko ordezkariei planto egiteko, eta bere aldarrikapenak lortu ezean, Errege Kopa bertan behera uzteko mehatxua bota zuten. Azken orduko akordioari esker, Errege Kopak aurrera egingo du azkenik, eta nor baino nor arituko dira zortzi taldeak Kanaria Handian.

 

Partidak

Osteguna, otsailak 15

  • Valentzia Basket - Iberostar Tenerife (19:00)
  • Real Madrid - Unicaja Malaga (21:30)

Ostirala, otsailak 16

  • Herbalife Gran Canaria - Montakit Fuenlabrada (19:00)
  • FC Barcelona - Baskonia (21:30)

Larunbata, otsailak 17

  • 1. finalerdia (19:00)
  • 2. finalerdia (21:30)

Igandea, otsailak 18

  • Finala (18:30)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide