Alavesek inauterietako suziria bota zuen

Ibon Gorrisi 2018ko ots. 12a, 09:54

Bat (Bacca) eta bi (Ely eta Ibai) nagusitu zitzaion Vila-real taldeari.

Larunbatean, eguerdiz, Alavesek kanpoan goi-mailako garaipena lortu zuen. Inauterietako alaitasunak bat egin zuen kirol pozarekin. Lehen minututik azken minutura arte jokalariek dena eman zuten hiru puntuak lortu ahal izateko.

Vila-realek jokoaren ekimena eraman zuen, halere, lehen zatian ez zuen ia-ia aukerarik sortu. Baloia alde batetik bestera ondo mugitzen saiatu ziren, baina area ingurura hurbiltzen ziren bakoitzean Alaveseko jokalariek jokaldiak mozten zituzten. Abelardok hamaikakoan aldaketak egin zituen, batez ere, taldeari atzealdean sendotasuna emateko. Baita ondo lortu ere. Atsedenaldira joateko gutxi falta zela eta hor etorri zen huts eta batekoa. Buruz Ely-k saretara bidali zuen baloia. A zer-nolako poza! Futbolean zortea ere beharrezkoa baita eta, adibidez, Bartzelonaren aurka egindako jokoak fruiturik eman ez bazuen ere, oraingo honetan inauterietako suziria bota zuen talde arabarrak.

Bigarren zatian, lehenengo bidetik joan zen. Vila-realek unerik gehienetan izan zuen baloia hanketan, behin eta berriz aritu ziren Pachecoren ate ingurura iritsi nahian. Talde urdin-txuriak sendo, borrokalari, dena emanda aritu zen. Baloiaren atzetik aritu ziren, halere, ez ziren nekatzen eta denek talderako lana egiten zuten. Aurreikusten zen partidaren bukaera oso zaila izango zela, sufritu egin behar zela. Baina, talde horia atzealdean gero eta zirrikitu gehiago uzten ari zen. Horietako batean, Pedrazak aukera paregabea izan zuen bigarrena egiteko, baina huts nabarmena egin zuen. Handik gutxira Ibai berdegunera sartu, eta bigarrena egin zuen.

Hortik aurrera denok uste genuen partida irabazita zegoela. Baina ustea erdi ustel izaten da, eta horixe bera gertatu zen. Baccak bat eta bikoa egin zuen eta hor sufrikarioa, urduritasuna, tentsioa... Bukaera oso-oso luzea izan zen. Baina, azkenik, poza, alaitasuna eta inauteriak primeran pasatzea.

Bide ezinhobean ari da Alaves, hurrengoan etxean irabaztea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide