Ostrukarena

Erabiltzailearen aurpegia Emaize Sexologia Zentroa 2018ko ots. 10a, 10:00
Porno Eskolako kideak. /Alea

"Ikusiko dutenaren aurrean prest egongo dira, modu kritiko batez hausnartzeko".

2017ko amaieran Porno Eskola martxan jarri zuten Gil anai-arrebek. Porno Eskola gazteekin lan egiteko gida da, zeinarekin sexuen hezkuntzan landu beharreko alorretako bati ekiten zaio, zitzaion dagoeneko. Proiektua publikoa egin eta gutxira mehatxuak jaso zituzten sustatzaileek sare sozialetan, eta gida zabaltzeko webgunea itxi zuten presio honengatik. 

Pornoak batzuengan kitzikapena sortzen duen bitartean, beldurra eragiten die beste batzuei. Baina zeren beldur gara? 

Sexualitatearekiko jakin-mina naturala eta berezkoa da sexudunak garelako. Jakingura asetzeko aukera anitz daude, baina ume eta gazteek ez dituzte guztiak eskura eta sexuen hezkuntza egokirik egiten ez denean bide berriak arakatzen dituzte.

Sexuen heziketak alor asko landu beharko ditu: neska edo mutil sentitu, neska eta mutil izateko modu anitzak, gure gorputza eta besteena ezagutu, gure burua onartu, besteekiko harreman positiboak landu, sexuen arteko berdintasuna eta errespetua mamitu, desioak eta kitzikapena ulertu eta bideratu, bikote eta harreman erotikoetarako prestatu, beraien eta bikotekideen burua zainduz…

Gaztetxoek hau guztia lantzeko aukerarik ez dutenean, gizartearen isla jarraituz sexualitatearen zati txiki batek pizten dien jakinguran zentratzen dira, hau da, harreman erotiko genitaletan. Interneten erraz eskura dezakete horri erantzuten dion pornografia.

Pornografiak kitzikatzeko helburua du, ez irakastekoa, baina hau bada gaztetxoek ikusten dutena sexuen heziketa oinarririk gabe, ikasiko dute eta horretara zetorren Porno Eskola. Batzuk ikasteko aburuz bilatuko dute pornografia eta beste batzuei lagunek jarriko diete aurrean sakelekoaren pantailan. Kasu batean zein bestean, pornografia ulertzeko gaitasunik garatu gabe ikustean, pantailako fikzioa eta errealitatea banatzeko zailtasunak izateaz gain, pornografia komertzialeko ereduak barneratuz joango dira: gizonen nagusitasuna, emakumeak gizonen desio eta plazererako tresna, plazera penetrazioen bidez lortzea, indarkeria maila altua zenbait egoeretan…

Emaizekook argi ikusten dugu hau ikastetxeetan lanean ari garenean. Sexuen heziketa egiten dugunean hau ulertzeko baliabideak ematen dizkiegu. Askok ikusiko dute beraien kabuz, baina ikusiko dutenaren aurrean prest egongo dira, pentsamendu kritiko batez hausnartzeko tresnak izango dituzte eta pornografia komertzialetik harago, bestelako eredu eta baloreak bilatzeko beharra sentituko dute desioak asetzeko. Ikasteko ez ezik, kitzikapen eta desioak bideratzeko baliabide posible bezala ulertuko dute pornografia. 

Hau zen Porno Eskolaren helburua eta baita sexuen heziketa egiten dugunon helburuetako bat ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide